argia.eus
INPRIMATU
Euria Bilbo postindustrialean
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko uztailaren 20a
'Bilbo eta euria' | Sei Sega | Autoekoizpena, 2023
'Bilbo eta euria' | Sei Sega | Autoekoizpena, 2023

Ekialdea dela, Mendebaldea dela, baten bati ez zaio gustatzen Euskal Herriko banaketa kultural hau. Kontsentsuen faltan, badugu egia bat berdaderoa: kultura –eta musika– lurraldeari lotzen zaio, edo ez da. Nafarroa Garaiak eta Behereak eman dizkigute euskal zera hau birpentsatzeko eredu nagusiak azken hiru urteotan. Ordea, gainontzeko latitudeak ez dira, ez, geldirik egon, eta lerro hauetan sarri ekarri dugun eran, Bizkaiak badu bere ekarpena, ukabilkada forman.

Tradiziotik dator iraultza, beti ez bada ia beti. Aurreko belaunaldietako erraldoien sorbalda gainean pausatuta urrutiago ikusten delako –Newtonek esana, uste dut–. Bada, Bizkaian tradizioak punk forma du, eta belaunaldi berri batek hartua du lekukoa.

Territorializatu da olatua, eta forma hartu du: Soinu Basatiak. Badakigu eta, egiturarik gabe ez dagoela arterik. Kolektibo horren ingurumarian sortu da, beraz, Sei Sega, pulamentu handiko taldeetatik igarotako kideekin: Andoni de la Cruz eta Jangitz Larrañaga (Vulk, Cuero), Jon Salinas (Kotoi, Tatxers), Elena Nuñez (Serpiente, Aihotz, Kotoi) eta Camilo Tonon (S'AFFERRA AFFERRA).

Estetikarik ez da etikarik gabe. Punka da irudia, baina punka da jarrera. Autogestioa ta malaletxea, alegia, hortxe Sei Segaren zigilua. Ikusiko dugu zein bide egiten duten, baina ziur ez direla arituko horren modan dagoen banketxeen eta edarien propagandaren zirkuluan. Anarkismo-artie moduko bat garatzeko aukera, mezu zuzenekin eta melodia zorrotzen dantzan, euskal eszenan geroz eta ohikoagoa den arte apolitikotik urrunduz.

Zeren zer esango dizut, zoriontasunari kantatzeaz apur bat aspertuta gaude honezkero euskaldun batzuk. Ehunka, milaka, (milioika!) ikurrinek ez dutelako estaltzen Bilbo postindustrialaren miseria guztia. Bilboko euriak uxatu ditzala tristeziak, eta atera ditzala gure barruan dauden gorroto eta grinak dantzara. Ikuskizunaren gizartean bizitza aldarrikatzeko edo, eta batera eta bestera aritzeko “deskalabru bila”.