Aldaketa klimatikoaren aurrean jarrera aunitz daude. Lehenak ukatzen dutenak dira, alegia, diotenak klimak betidanik izan dituela aldaketak eta orain gauzatzen ari den fenomenoa ezin dugula bereizi lurraren milioika urteetan eman diren ziklo gorabeheratsuekin. Baina ez dute kontutan hartzen aldaketa horren abiadura, Industria Iraultza hasi zenetik aldaketa arras bizkortu baita.
Bigarren jarrera aldaketa onesten duten pertsonek osatzen dute eta, diotenez, teknologiaren erabilera irmoak konponduko omen du klimaren aldaketa. Horretarako inbertsioak bizkortu behar dira beroketa galgatze aldera. Inbertsio horiek bideratu behar dira hainbat sektore ekonomikotara, non bero efektua sortu eta hedatu egiten baita. Sektore ekonomiko horiek energia fosilen –berriztagarriak ez diren– kontsumoarekin lotuta daude, batik bat garraio sistemarekin. Eta sektore horiek kontsumoa murriztu dezaten klima aldaketa geratze aldera, teknologia egokituaren erabilera determinantea izango da. Hor bi sektore aipatuko ditugu: Auto Elektrikoa (AE) eta txipen industria.
Uste zen AEren erabilera klima aldaketa gelditzeko lanabes egokia izango zela, halere, eskarmentua areagotu ahala, bere erabilerak optimismoa apaldu besterik ez du egin. Izan ere, AEren oinarrizko osagaia bateria da eta hasi bere iraupenetik eta kargatzeko zailtasunak gainditu arte, arazo mila daude. Izan ere, bateriak ekoizteko, batik bat litioa oinarrizkoa da, eta munduan zehar oso gutxi aurkitzen da, nahiz eta orain sodioa bere ordezkoa izateko itxaropena dagoen –elementu hori soberan dago–. Halaber, AEek, garestiegiak izateaz gain, biziraupen laburregia dute. Horregatik, gasolinak edo gasolioak ematen dituen prestazioak paregabeak dira eta ondorioz, ohiko ibilgailuen salmentek elektrikoenak baino handiagoak izaten jarraitzen dute; ordezkapena uste baino astiroago doa.
Auto elektrikoek apenas kutsatzen duten hiri barruan, baina litioa beharrezkoa dutenez, meategietatik erauztean izugarrizko hondamendia eta kutsadura sortzen dira
AEek apenas kutsatzen duten hiri barruan, baina litioa beharrezkoa dutenez, meategietatik erauztean izugarrizko hondamendia eta kutsadura sortzen dira. Eta behin bateriak aldatzen direnean, oso zaila izaten da birziklatzea. Beraz, AEen bidez hirietatik kutsadura aterako dugu, baina aurretik meategi inguruetako bazterrak kutsatuta utziko ditugu hirugarren munduan. Beste behin, gure oparotasun eta ongizatearen ondorioak.
Gaur egungo aurrerapen teknologikoa txipen industriarekin lotzen da eta horretan, buru-belarri, asiar herrialdeak dabiltza, batik bat Txina, Taiwan eta Hego Korea, nahiz eta horiek ere litografia makinen menpe dauden, Herbehereak baitira makina horien aintzindari. Lehiaketa honetan garaile izate aldera, AEBek eta EBk txipen ekoizpenerako estrategia berrantolatu dute, batik bat Txinaren garapen ekonomikoa ahultzeko xedearekin.
Horrela, inbertsio publiko-pribatu erraldoiak egiten ari dira, eta proiektu horietan diru publikoa erruz erabiltzen ari dira. Adibidez, Frantziako Estatuan, Grenoble inguruan, txipak ekoizteko lantokia eraikitzen ari dira, leku aproposa delako eta ura ere egokia. Baina proiektu horrek elektrizitate eta ur kontsumo handia eskatzen du, Grenoble (160.000 biztanle) bezalako hiri batek bezainbeste xahutuko duelako. Beraz, aldaketa klimatikoak ur eskasia sortzen duen bitartean, aldaketa horri aurre egiteko teknologia berrituetan ur andana erabili behar da. Kontraesan latza!
Hirugarren jarreraren arabera, desazkunde ekonomikoa defendatu eta burutu behar da. Gure planeta mugatua da eta natura baliabide oro amaitzear daude, gure ondorengoen kaltetan. Haatik, lehenbailehen desazkunde prozesu adostua abian jarri behar da, berantegi ez dadin izan.