argia.eus
INPRIMATU
Preso(ohi)ak zapatan
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2023ko uztailaren 12a

Hego Euskal Herriko udal hauteskundeen kanpainan zenbait zerrendatan odol delituak zituzten preso ohiak egotea izan zen debate mediatikoetako bat eta, ondoren, lagun horiek atzera egin zutela.

Beharbada, mugimendu harekin EH Bilduk zenbait boto irabazi zituen, eta modu zabalagoan, ziur naiz, herritar batzuen begietara irabazi zuela bilatzen zuena: ETAk eragindako biktimekiko enpatia, borroka armatuarekiko urruntasuna eta atzoko eta gaurko ezker independentistaren arteko aldea erakustea. Argi dago, egunen batean, EH Bilduk hauteskundeetan hegemonia politikoa irabaziko badu, beharrezkoak dituela aurreko hiru helburuetan sakontzea.

Besterik da, gai honetan (eta beste batzuetan) ezker independentista noraino eta nola “normalizatzen” den eta (hauteskunde) garaipen egunean, noraino eraldatu den. Noizbait, Polizia, hezkuntza, osasungintza, hedabide eta txiringito publikoen kudeaketara heltzerako, zer tarte izango duen aldaketak edo aldaketatxoak egiteko. Bestela esanda, gaur meloiak ereiten badituzu bihar meloiak jasoko dituzu.

Horregatik, hauteskunde lehiatik harago, edo lehenago, edo ondoan, hitz egin beharko litzateke espetxeaz, adibidez (eta beste gai batzuei buruz). Izan ere, badu atzera bueltarik preso egondako pertsonek hautagai (edota interbentore) izateko aukerak?

Beti pentsatu dut eskoletako ikasleak, museo, txango eta abarrez gain, zabortegiak eta espetxeak ezagutzera eraman beharko liratekeela

Espetxeak zigorrerako eta pertsonen suntsipenerako diseinaturiko ezlekuak dira, autoritarismoa, biolentzia, droga legalak eta ilegalak, morrontza, lan esplotazioa eta abar erabiltzen dute pertsonak makurrarazteko. Dena gizartearen begietatik aparte. Espetxetik aterata ere, oro da traba burokratiko eta laguntzarik eza, familia eta lagun inguru indartsurik ezean, preso ohiak hura du azken traba handia “birgizarteratze” deiturikoari begira.

Zigorraldia bete ondoren, edozein preso ohik eskubidea du lanean hasteko, kirola egiteko, antzerkira joateko, alderdi politiko batean militatu edo hauteskundetara aurkezteko. Orain, hautetsi ez izateko aurrekari honekin, legez aitorturik zuten eskubide bat de facto kendu zaie pertsona preso ohiei, tira, “odol deliturik” zutenei.

Noiz bukatzen da zigorra? Sinesten dugu espetxean zigorra bete duen pertsona batek bizitza berria hasteko duen eskubidean? “Birgizarteratzean” sinesten dugu? Zergatik ez diogu uzten gizarteari beren boto edo boto ezaren bidez pertsona horren egokitasuna ebatzi dezan?

Beti pentsatu dut eskoletako ikasleak, museo, txango eta abarrez gain, zabortegiak eta espetxeak ezagutzera eraman beharko liratekeela. Motibo bat gehiagorekin, orain.