argia.eus
INPRIMATU
Espainia gure arazoen iturburua baldin bada...
Ane Ablanedo Larrion 2023ko uztailaren 12a
PAULA ESTÉVEZ

Nola pentsatu dezakegu izan daitekeela gure arazoen soluzioa?

Eta horren harira, nolatan da posible euskal politikariak Espainiako Kongresuan egon nahi izatea? Edo kezkagarriagoa dena, nola da posible oraindik horiek euskal herritarren bozkak, sinesgarritasuna eta konfiantza edukitzea? Zer esango dizuet, ni ezin sinetsita nago. Auzo lotsa.

Noski, independentziaz ari naiz, gure estatua berreskuratzeko nazio-estrategiaz, burujabetzaz, hori zen-eta gure arazoa, ez? Espainiarren (eta frantsesen) okupazioa gainetik kentzea, zapalkuntza eta abar, ez dakit gogoratzen zareten, aditu ere egiten ez diren ideiak bilakatu dira-eta. Hau tristura.

Oraindik ere. Denetarik egin digutenean, mila aldiz, mendeetan zehar noski, baina azken 50 urte hauetan ere zehazki, diktaduraren kanbiazoa egin eta demokraziaren ziria sartu ondotik ere, zer jaso du Euskal Herriak amua ederki irentsi eta hor parte hartzearen truke? Ez al dugu oraindik ikasi hor ez dagoela biderik? Beno, bai, egon badago, baina asimilazioarena, integrazioarena, gure printzipioen galerarena, desintegrazioarena. Enfin.

Espektakulu negargarria ematen dugu. Espainiak egiten dizkigun bidegabekeriez behin eta berriz asaldatuta, horiengandik besterik espero ahal balitz bezala oraindik harrigarriki harrituta, baina pasteleo penagarri etengabea gero indar espainolekin. Niri honezkero jasanezina egiten zait hain errazki kolaboraziorako eskaintza bilakatzen den herriaren biktimismo errepikakor eta inozo hori. Higuingarria.

Zuen bozka bakoitzak legitimatu egiten duelako okupazio-erregimen inperialista, sekula egin beharko ez geniokeen aitortza demokratikoa halaxe emanda

Jokoan beste kontu batzuk ere badirela esanez etorriko da baten bat, eta horregatik bakarrik bada ere, parte hartu beharra dagoela Espainiako Kongresurako bozetan. Bada, ados, doazela hori uste dutenak, baina ez daitezela gero betiko matrakarekin negarrez etor, oso gaiztoak direla, adostutakoa ez dutela bete, begian pixa egin digutela, eta bla bla bla. Eta, ba al dakizue zergatik? Bada, zuen bozka bakoitzak legitimatu egiten duelako okupazio-erregimen inperialista, sekula egin beharko ez geniokeen aitortza demokratikoa halaxe emanda. Tori, hemen duzu, opari.

Xede horren bila konbokatzen gaitu Espainiak espainolentzat baino behar ez luketen hauteskunde orokor horietara. Gure parte hartzeak mendeko herri okupatuaren zilegitasuna dakarkielako, eta goitik behera iraultzen duelako gure harremanari buruz ematen den irudi publikoaren nolakotasuna: menderatzaile-menderatu izatetik, erkide izatera. Estatu menderatzaile eta menderatu baten arteko gatazka nazioartekoa izatetik, estatu barneko kontu huts izatera. Estatu okupatu baten kategoria edukitzetik, espainola den baina hala izateari utzi nahi dion nazio ahul bilakatzera. Espainolek berek ere ez zuten irudikatuko horrelako jokaldi borobila, hain prezio merkean lortzea beren izaeraren zuritzea.

Ni ez bainaiz espainola, ez dut Espainiako Kongresurako bozetan parte hartuko, kitto, sinplea da. Gure gaineko menderakuntza kudeatuko duen hurrengo inperialista hautatu ahal izatearen ustezko pribilegioaren truke –trufa da, noski–, demokraziaren labela ematen ariko nintzaiokeelako opari nire zapaltzaileari, eta gure printzipio lehenei uko egitea suposatuko lukeelako horrek, zuzenean.

Abstentzioa eta boikota dira okupazioaren aurrean herri menderatuoi berez atera beharko litzaizkigukeen keinu naturalak; erresistentziarena, duintasunarena, kokaleku ideologiko egokiaren adierazgarria, eta estrategia nazional baten abiapuntu ezinbestekoa. Ea ba.