Alternatiba ekonomikoek ez daukate leku handirik ikasketa ofizialetan. Pairatzen dugun krisi ekosozialean, erdigunean egon beharko lirateke. Ikasketa programetan, epe laburreko errentagarritasuna bermatzen ez duten ikasgaiak bazterreratuak izan dira, hautazkoak bilakatuta edo, okerragoa dena, programatik desagertuta. Horrela gertatu da ekonomian, Pentsamendu Ekonomikoaren Historiarekin, ekonomiaren osotasuna ulertzeko beharrezkoa den gaia. Sarritan, horren inguruan ikasteko, akademiatik kanpo ikastea da bidea, gertatu zitzaidan moduan, ICEAn edo Ekonomia Kritikoa elkarteetan.
Aurten, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan Historia Ekonomikoa irakasteko aukera izan dut. Ez da sorpresa izan, oinarri moduan erabiltzen den eskuliburuaren 431 orrietatik, sistema ekonomiko planifikatu sozialistak azaltzeko soilik 9 orri erabiltzen direla; eta, noski, nabarmentzen dena horien porrota da. Kapitalismoaren porrota beste edizio baterako izango da. Mami horrekin erraza da ondorioztatzea planifikazioa (eta hedaduraz, sozialismoa) ez dela praktikoa ezta gomendagarria ere, diktadurekin lotuta. Muga (ideologiko) horiek hausteko, bi proposamen sozialistak (marxista eta libertarioa) klasera ekarri genituen, historia ekonomikoa era kritikoan irakatsi behar delako, baina baita seriotasun akademikoaren pean ezkutuan mantentzen diren hainbat muga hausteko ere, hausnarketa bultzatuta, kapitalismotik haratago dauden ereduak pentsarazteko.
Planifikazioaren inguruan, azaltzen eta errepikatzen den eredua Sobietar Batasuneko bost urteko planena da, baina, egiari zor, gaia askoz konplexu eta aberatsagoa da. Subkontziente kolektiboan oraindik dirau merkatua, bere akatsekin, hobea dela planifikazioaren aldean; lehenengoa askatasunarekin lotzen da eta bigarrena diktadurarekin. Hala ere, errealitateak justu kontrakoa dela dio. Polanyik merkatu askatasuna eta diktadura faxisten arteko harremana sakonki landu zuen, eta liberalen proposamen ekonomikoen ondorioak agerian jarri zituen.
Usteltzen ari den testuinguru ekonomiko eta sozialaren aurrean, eskaintzen ari zaigun ustezko konponbidea merkatuan sakontzea da, gehiengoarentzat kaltegarria dena
Ekonomia antolatzeko planifikazio ez zentralizatuetan oinarritzen diren ereduak dauzkagu, erabakiak elite edo burokrazia baten menpe uzten ez dituztenak. Horien artean, nabarmendu daitekeen bat da partaidetzako ekonomia. Ekonomia planifikatu deszentralizatu sozialista proposatzen du. Erabaki ekonomikoak egituratzeko mekanismoa parte-hartzean oinarritzen du, ez prezioetan. Proposamen hori 1990eko hamarkadaren hasieran jaio zen, planifikazio zentrala kritikatzeko eta eredu kapitalistetatik ihes egiteko.
Azken hamarkadan Ziber Komunismoaren proposamena (CibCom) zabaldu da. Proposatzen dutenen artean, komunista marxistak eta libertarioak aurki ditzakegu. Ekonomiaren plangintza sozialistaren aukera egungo baldintza teknologikoetan oinarritzen du. Aztertzen ditu ekonomia sozialista demokratikoki planifikatzeko, bideragarria eta eraginkorra eraikitzeko, beharko liratekeen oinarri instituzional, ekonomiko eta konputazionalak. Nabarmentzekoa da ikuspegi hori ez datorrela bat ekoizpen-bitartekoen estatalizazio hutsarekin, ezta merkatu-sozialismoaren proposamenekin ere.
Usteltzen ari den testuinguru ekonomiko eta sozialaren aurrean, eskaintzen ari zaigun ustezko konponbidea merkatuan sakontzea da, gehiengoarentzat kaltegarria dena. Ekonomiaren planifikazio demokratikoa eztabaidaren erdigunera ekartzea beharrezkoa da, teoria eta praktikak ezagututa eta zabalduta.