argia.eus
INPRIMATU
Itxaropen-zerrenda
Beñat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2023ko uztailaren 05

Bikotea osatzen duten bi lagunekin topo egin, haiekin hizketan hasi, eta haietako batek itxaropen-zerrenda esan du, nahastuta, itxaron-zerrenda beharrean. Haren bikotekidea konturatu da, konturatu denez, baina ondo disimulatu du. Hiztripuaren autorea euskara ikasten ari da, eta duela gutxi egindako azterketaren emaitzen zain dago. Gerora jakin dut ez duela proba gainditu, eta etsitu samar dagoela.

Agurtu dugu elkar, eta ni lapsusa gogoan: “Hitz-joko ona Osakidetzako itxaron-zerrendez hitz egiteko; hitzordurako deia itxaron baino, noizbait deituko dizuten itxaropena adierazteko”, pentsatu dut neure baitan. Eta segidan bururatu zait, nola ez, Twitterren arrakastatsua izan daitekeela, eta agian biralizatu egin daitekeela, nire neurri apalean. Edo, zer demontre, zergatik ez ARGIAko zutabea bera gai horren gainean idatzi.

Baina Twitterren umoretik joko nuke, eta Osakidetzako kontuak ez daudela iji eta aja ibiltzeko, txiste eskas batekin arinkeriatan erortzeko. Idazten ari naizen momentuan bertan begi bat pixka bat gorrituta daukat. Hitzordu telefonikoan erizainak diagnostiko moduko bat egin dit, aurrez aurre ikusi gabe. Baina farmaziara joan naiz gomendatutako kolirioaren bila, eta botikariak erabat bestelako diagnostikoa egin du, nire begiari bertatik bertara behatuta. Erizainarekin izan dudan hurrengo hitzordu telefonikoan iruditu zait pixka bat presionatu behar izan dudala sendagilearekin aurrez aurreko kontsulta lortzeko. Sare sozialetan horri buruzko txisteak egiteak nori egiten dio mesede?

Itxaropen-zerrenda esan du, nahastuta, itxaron-zerrenda beharrean. Hiztripuaren autorea euskara ikasten ari da, eta duela gutxi egindako azterketaren emaitzen zain dago

B planarekin aurrera egin dut, bistan denez, eta zutabearekin nahiko aurreratuta nagoen honetan konturatu naiz agian ez zuela itxaropen-zerrenda esan nire lagunak, baizik eta itxaropen-gela –itxarongela beharrean, noski–. Eta hala balitz –ez bainago ziur–, are hitz-joko hobea irudituko litzaidake; beste adiera mamitsu batzuk izan litzake. Baina nora narama honek?

Azkenerako, pentsatu dut hizkuntza oso emankorra izan daitekeela pentsamenduaren garapenerako, baina berehala ikusi dut txanponaren beste aldea: zein azalekoa izan daitekeen, ez badu askoz gehiagorako ematen. Eta neurera ekarrita, ez dut ondorioztatu nire hizkuntzaren mugak direnik nire munduaren mugak, Wittgenstein-ek esaten zuen bezala, baizik eta hitz-joko xelebre batetik eratorritako burutazioek baldintzatzen dutela neurri batean nire pentsamendua –edo, nire kasuan, ideia solteen anabasa–. Batzuetan, kasik, mugatzeraino.