Gogoratzeko ariketak fikziora jotzea dakar. Eta ezinbestekoa da gogoratzea jarduera selektiboa izatea, biziraupen-estrategia bat den heinean; gauza batzuk gogoratzen ditugu, eta ez beste batzuk. Gertatzen dena da ez garela estrategia horietaz jabetzen eta oroitzapena gauza segurutzat hartzen dugula. Gainera, memoria da bizi dugunaren kontakizuna eraikitzeko dugun mekanismoa. Egia esan, guztion bizitza zatikatua da. Gogoratzean, kontakizun bat eraikitzen dugu eta zentzua ematen diogu. Eta eraikuntza hori fikziozkoa da. Gauzak nola bizi ditugun ere gure biziraupen estrategiaren parte dira. Horiek horrela, batzuetan ematen du gertakariek ezinegona ekarriko digutela bakarrik. Samina eta ondoeza. Geure buruak zentzua eman nahi dio zentzugabea denari. Malkoak erortzen zaizkigu eutsi nahi badiegu ere. Neure baitako argazkietan arakatzen ari naiz irribarre baten bila eta bikote baten argazkia aurkitu dut. Muxu eman diote elkarri Altsasuko gazteek kartzelan zenbat egun daramatzaten zenbatzen dituen euskarriaren aurrean, turisten jomuga batean egongo balira bezala. Kalearen beste aldetik ez nuen entzun zer esan zioten elkarri. Maitasunezko hitzak izan zirela pentsatu nahi dut. Maitasuna baita ezkutatu ezin den gauza bakarra. Fikziozkoa ez den bakarra.