argia.eus
INPRIMATU
Barruan daramagun ipuin-kontalaria
  • Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta ipuin-kontalari trebeenen mailan aritzeko?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko uztailaren 05a

Ipuinak altxorra dira, altxorra da ipuinak sortzea, kontatzea, entzutea, partekatzea; bestelako munduetara eramateko duten gaitasunagatik, arreta eta jakin-mina erakartzeko duten ahalmenagatik, irudimena eta hizkuntza lantzeko ematen duten aukeragatik. Eta guk, ARGIAn, ipuinen mundua hartu dugu oinarri, atera dugun jolas berrian. OTU du izena eta irudi bana duten 70 kartak osatzen dute. Proposamena da kartak nahastu eta egokitutako irudien arabera istorioak asmatzea, burua eta mihia astinduz.

Adinaren, jolaskideen, gogoen eta abilidadeen arabera, jolasteko moduak nahi adina izan daitezke. Norberak sor dezake istorio osoa, karten hurrenkera errespetatuz edo egokitu zaizkizun karten ordena nahieran antolatuz. Taldean arituz gero, txandaka denon artean osatu daiteke pasadizoa: adibidez, bakoitzak karta bat hartu eta karta horrekin aurrekoaren istorioari segida eman dakioke, edo aurrez bakoitzari karta kopuru jakin bat banatu eta norberaren txanda denean eskuan dituen irudien artean egokiena aukeratu daiteke, istorioa harilkatuz.

Irudi berak baliatuz, oso kontakizun ezberdinak osatu daitezke, eta hori ere erronka izan daiteke: ea nork ipuinik beldurgarriena kontatu, irrigarriena, hunkigarriena…

Utzi kartei barruan duzun ipuin-kontalaria ateratzen, eta batez ere, izan dadila disfrutatzeko eta gozatzeko jolasa.
ARGIAren Azokan eskuratu dezakezu produktua: www.azoka.argia.eus/produktua/otu-karta-jokoa