Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.
Bi erupzioak pliniarrak izan ziren, gas, arroka eta errauts kantitate handiak bota zituztenak, oso indartsuak eta, inguruko herriak suntsitzeaz gain, Europako kliman urtetan eragina izango zutenak. 79ko erupzioaren berri Plinio gazteak eman zuen, baina Avellino erupzioa –hala esaten zaio ia bi milurteko lehenago gertatutakoari– lekukoek ez zuten idatziz jaso. Eta, hala ere, 79an gertatu bezala, errautsetan egoera ezin hobean gordeta, denboran izoztuta geratu ziren arrastoek gertatutakoaren berri zehazki ematen dute.
Afragola inguruetan abiadura handiko trena eraikitzen ari zirela topatu zituzten arrastoak 2005ean eta orduz geroztik arkeologoak gai izan dira erupzioa gertatu zen urte sasoia zehazteko. Zuhaitzen azpian fruitu helduen eta hostoen arrastoak topatu dituzte, eta herrixkan bertan, azken uztan bildutako elikagaiak. Horregatik erupzioa udazken hasieran izan zela dakite, ziurrenik urrian.
Afragola inguruetan abiadura handiko trena eraikitzen ari zirela topatu zituzten arrastoak 2005ean eta orduz geroztik arkeologoak gai izan dira erupzioa gertatu zen urte sasoia zehazteko
Vesuvioren magalean jalkitako materialen geruzek adierazten dute erupzioa eztanda bortitz batekin hasi zela eta haizearen eraginez materialak ipar-ekialdean pilatu ziren. Aurrerago, haizearen norabidea aldatu zenean, materia bolkanikoak Afragolarako bidea hartu zuen, eta erupzioaren azken fasean errautsa eta ura sumenditik 25 kilometrora iritsi ziren. Lokatz bolkaniko horrek Brontze Aroko herrixka erabat estali zuen. Geruza bolkanikoak landare arrastoen molekulak ordezkatzea eragin zuen eta, hala, zinerita izeneko materialezko molde perfektuak utzi zituen.
Giza arrastorik ez da ia aurkitu, ordea, eta horixe da Ponpeiarekiko alderik handiena, 79. urtean milaka hildako eragin baitzituen Vesuviok. Errautsetan gizakien eta ganaduaren oinatzak geratu ziren markatuta eta, horrek esan nahi du, Afragolako biztanleek ihes egitea lortu zutela, ponpeiarrek ez bezala. Erromatarrek ez zekiten Vesuvio sumendia zenik. Afragolatarrek ziurrenik eztandaren uneko haizearen norabidea izan zuten lagun, horrek ihes egiteko denbora gehiago eman baitzien. Baina, agian, lo zegoela hain emankorra zen mendia erromatarrek baino hobeto ezagutzen zuten, eta bazekiten esnatzean nolako arriskuak zekartzan.