argia.eus
INPRIMATU
Hor bizi naiz ni bakean
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko ekainaren 27a
'Laupabortz aire ttipi' | Haira | Usopop, 2023
'Laupabortz aire ttipi' | Haira | Usopop, 2023

Xori berriketaria 1871ko kanta da. 200 urte erraz esaten dira, e. Parisko Komunaren urtea zen hura, atera kontuak. Inperialismo hitza ez zen oraindik sortua, baina praktika bai. Eta han zegoen, Sarako Jean Baptiste Elizaburu Egipton, Napoleonen alde borrokatzen, bere borondatearen kontra.

Saratarrak idatzi zituen bertso batzuk, bere herritik hegan etorritako txori batekin hizketan aritu zenekoa, herriarekiko saminaz eta maite duen jendea faltan hartzeaz. Txoriñoari eskatuko dio bere herriaz hitz egiteko: “Mintza hakit ahaidez-eta, mintza lagun on hekiez, / Mintza, nihor ahantzi gabe, maite ninduten guziez”.

Ez dira urteak alferrik pasatzen, eta mundu hori jada ez da gaur dena. Gerrak bai, baina iraultzak ez dira han hemen gertatzen, tamalez. Giza sentimenduak, ordea, zenbat aldatu dira? Ez diot esango unibertsalak direnik, desiraren pare, eraikia delako. Baina bakardadeari abesteko zenbat modu daude? Nola heldu sentimenduen barreneraino?

Urteak ez dira alferrik pasatzen, baina zaharrik zaharrena berririk berriena da, inoiz ez delako ebazten ahal. Tradizioaren iturri amaigabetik edaten ari da Peio Erramouspe saratarra bera ere. Bertsolari eta kantarien leinukoa, bere ondare ditu euskal tradiziozko kantu gordeenak, eta dakien moduan ari da orain kaleratzen, sintetizagailuekin eta musika elektronikoarekin.
Bidaia laburra den arren, bidaia azkarra eta indartsua egin du Laupabortz aire ttipi lan zoragarrian. Aipatu kantaz gain, Goizeko Ihintza, Nauna, nauna jin, Ikusten duzu goizean eta Eraztuna kantak batu ditu Usopop zigiluarekin kaleratutako lan zainduan. Azkena, herrikoi-herrikoia da, han hemenka ezberdin abesten den horietakoa –XVIII. Mendetik datorren Eper zango gorria-ren bertsioa, alegia–.

Kanta bakoitzak du bere atmosfera zaindua, eta bada bat, beste ororen gainetik ateratzen dena: Ikusten duzu goizean. Usopopeko lagunek antolatutako egonaldi magiko batean garatu zuen, Larrun mendiaren puntan. Annelise Cazamayou, Felix Buff, Jona Bonnetta, Xabi Etxeberri eta Maia Iribarne lagun... zer nahi duzu esatea ba? Urteko euskal kanturik ederrenetakoa.

Urpekari bat. Hori da musikari on bat. Eta hori da oraintxe Peio Erramousperen Haira. Ozeanoaren barrenera sartu eta altxorrak ateratzen dituenak gainontzekoontzat. Mundua amaitu ez bada, 200 urte barru jarraituko dugulako gauza inportanteez abesten. Bakean bizitzeko etxeak bilatzen, alegia.