argia.eus
INPRIMATU
Duinetik adina
IƱaki Murua 2023ko ekainaren 28a

Denok ez gara iristen erretiroa gozatzera eta irtenbide zaila dauka, gazterik amaitu nahi ez eta hainbeste gaztetasun behin pilatuko, eta orduan, kito? Hala gertatzen bada, norberari ez ezik Imsersori eta negozio asmoz sai direnei ere min galanta.

Familiaren egoera ezin hobeto ulertuta, adinaren “zama” beregain hartzeko ardura, eskarmentua, gaitasuna, hurbilekoen ezjakintasunak eta neurriz gaineko okupazioak saihestuta… Mauka da hirugarren adinera iristean ezagutu dezakeguna.

Hala ere, bihotzeko zimikoa sentiarazi didana zera da: “Har ezazu aitona nahiz amona bat adopzioan”. Erretiroa hartutako askok kontratatu ditugun aseguru etxeen iragarkia. Bakardadean etsiturik eta ingurukoen beroa falta duten adinekoekin ekintzak eta jardunaldiak gauzatzeko asmozko iragarkia omen, irabazien %1, beste zeregin batzuen artean, horretarako erabiliko dute. (Ez beste hark zioen bezala, jubilatu gehiegi dagoela eta batidak antolatuko lituzkeela basurdeak bakantzeko egiten diren gisakoak!).

Bihotzeko zimikoa sentiarazi didana zera da: “Har ezazu aitona nahiz amona bat adopzioan”. Erretiroa hartutako askok kontratatu ditugun aseguru etxeen iragarkia

Hauxe da geure zapatetan jarri gabe geuk baino hobeto zer behar dugun argitu nahia, hau. Behin adin batera iristean nire premiak beste inork ez bezala ezagutzen dituztela, diote. Eta gure bizia inolako “trabarik” gabe egiteko eta buruko minak arintzeko asmoz, geure arbasoak balira bezala, geuk geure burua ere baino hobeto zainduko omen.

Duela ez hainbeste, adineko jendeak ez zuen oporrik ezagutzen, ezta erretirorik jasotzen ere, lanerako bizi ziren! Astean zazpi egun lanean aritutako baserritarrak, gorputza ia bi doblean, igandeetan lana egitea debekatzen zuten elizako aginduak bete ezinik, baina behiek egunero jaten dutenez, infernua lurrean bizi beste aukerarik gabe…

Edo Jainkoak emandako haur denak ekartzen jardun eta gereziak baino perretxikoak biltzeko postura hobean, gerriko minez oker-oker, hanka hankaren parean pasa ezinik dabilen amona… nork ez du ezagutu?

Eskarmentutik ikasten da benetan eta liburuetatik teorian, beraz, gure geroa geuk antolatuta hobe, eta balizko laguntza eskuzabal hori, nahiago nuke gaurko gazteen etorkizuna –zotina kentzeko moduko hipotekaz josia– argituko duen egitasmoetan inbertitzea. Gazte mileuristak gehienak, Euriborreroaren  aldaketen beldurrez eta Gizarte Segurantzak iraungo duen ziurtasunik gabe… etorkizuna!