Emakumeak armen haraindian Katalunian antolatzen diren jardunaldi transfeministak dira. Bertara gonbidatzen dituzte munduko gatazka armatuen parte eta protagonista izan diren emakumeak*, euren istorioak konta ditzaten: Kolonbia, Alemania, Italia, Nikaragua, Palestina, Kurdistan, Euskal Herria, Irlanda, Kanariak, Guatemala... Partaideen ideiak, estiloak, hizkuntzak zein militantzia eremuak era askotarikoak dira, lurbirako ezker erradikaletik eratorritako andre, trans, bollera edota identitate ez bikoitidunak, anarkismotik edaten dutenak nagusi.
Isiltasuna boterearen gaizkidea denean, memoria borroka da dio jaurdunaldien lemak. Preseski, memoria ariketa kolektibo bezain auskaria da hauxe, borrokarekiko pasioa lagun eta zapalduen arteko elkartasuna oinarri duena. Funtsean: iraganetik ikasteko grina, orainari aurre egin eta etorkizun askeak eraikitzeko. Ezinbesteko irakaspena Euskal Herrian, gatazkaren kontakizunean, edo, hobeki esanda, kontakizunaren gatazka bete-betean gauden honetan.
Denak balio du diskurtso ofiziala irentsarazteko eta, kontakizun bakarraren inposatze horretan, gurea debekatu eta zigortzen jarraitzen dute
Gurean ez dugu askatasunez hitz egiteko aukerarik; kontakizunetik kanporatu gaituzte, errealitatetik zokoratu, nor garen ukatzeraino. Ezin ditugu gure usteak eta zergatiak azaldu, gertakizunak guk bizi izan ditugun moduan kontatu, geure Historia idatzi. Estatuek, ordea, masa-komunikabideen munstroa inoiz baino bortxa handiagoz elikatzen dute: ohikoak, serieak, filmak, sareak... Beti lez, denak balio du diskurtso ofiziala irentsarazteko eta, kontakizun bakarraren inposatze horretan, gurea debekatu eta zigortzen jarraitzen dute.
Aitzitik, Historia ezin da ezabatu, gertatutakoa oso presente baitago memoria kolektiboan. Edestia irabazleek idazten omen dute; aldiz, nik uste dut herriak egin ahal/beharko lukeela. Odolez eta malkoz izkiriatu dugu dagoeneko; irabaztea, ostera, gure esku. Bada, ekimen herritar oro da garrantzizko, baita xumeena ere, gatazkaren kontakizunari bestelako ikuspegi ausart bat emateko. Horiekin guztiekin osatuko dugu Euskal Historiaren idazketa.
Ekinbide horretan, Kataluniako jardunaldiak dira aletxo eredugarri bat. Krestak, titi askeak, ileak, zapiak eta elastiko aldarrikatzaileak, bizarrak eta loreak, barreak eta negarrak, sumindura, maitasuna, itzultzaile nekaezinak, liburuak, fanzineak, pegatak, afixak, opil eta hitz gozoak, gutizia beganoak, kontakizun gogorrak, emakume* eredugarriak, elkarrizketak hamaika hizkuntzatan, hartu-eman politiko amaigabea, perfekzio eza eta koherentzia bikaina, musika uterotik garrasika, besarkada zenbaezinak, burmuinak eta ukabilak puztuta. Bartzelona borroka giro bizi-bizian. Gràcies a totes, sou exemple (Eskerrik asko denei, eredu zarete).