argia.eus
INPRIMATU
Lehiarako prest
IƱigo Satrustegi @InigoSa 2023ko ekainaren 22a
Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea
Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea

Nafarroako bertsolari txapelketa (aurre-kanporaketa)
Non-Noiz: Etxaurin, ekainaren 2an.
Parte-hartzaileak: Bittori Elizalde, Egoitz Gorosterrazu, Ainara Ieregi, Aitor Irastortza Arrizurieta, Saats Karasatorre, Eki Mateorena.

------------------------------------------------

BTNren bertso-gaindosia ondo digeritu ostean, berriro ere ekin diote Nafarroan lehiari. Udazkenean eginen dute NBT, baina zizka-mizka batzuk egin dituzte uda aurretik, txapel eta txapelketa gosez direnendako. Aulkirik ez da, ordea, denendako oholtza gainean. Kanporaketetan aurrenekoa Larraun ibarrean egin zuten, eta bigarrena, berriz, Etxaurin. Espektatiba guztien arabera, aukera gehiago zuten bertsolariek sailkatzeko bigarren saio honetan.

Areto txikia eta beroa zuten aurrean sei bertsolariek. Eta beroari heldu zioten lehen ariketatik bertatik. Orduan bota zuen Karasatorrek, kaleko langilearen azaletik, niretzako arratsaldeko punturik politena izango zena: izerdia isuri bat da eta tanta bat soldata. Aktoreen famaren zama, artisauen lan garestia, jana ongi banatzen ez duten pisukideak... Bertsoak gora eta behera, eta irristadaren bat edo beste. Adimen artifizialari kasu egitearren galdutako bikoteak ere, aise erantzun zion gaiari, inprobisatzeko duten gaitasunari keinu eginez. Gaiek askotan ez didate asko esaten, eta batzuk gehiegitxo mugatzen dutela uste duen horietako naiz. Saiora ekarri ninduen aditu-arituak, berriz, oholtzakoei jarritako gairen bat ehunka aldiz egin dutela ere komentatu zuen.

Ahots berriak datoz Nafarroa aldetik, izan ere, saioko sei bertsolarien artean, bik lehendabiziko aldia zuten txapelketan, eta gainerakoak ere gazteen taldean sartzekoak dira oraindik ere, adinez bederen. Gero zalantza datorkit gaztetasun hori aldeko izanen duten, egiten dituzten erreferentziak epaileek ulertuko ote dituzten. Baina tira, ofizioetan, Ieregiren erraztasuna eta ideia freskoak nabarmenduko nituzke. Karasatorreren irudiak, eta Irastortzaren eta Mateorenaren kantaera. Baina zerbaitekin geratzen banaiz, hobe esanda, norbaitekin, Iruñeko promesa sorpresarekin da. Elizaldek erakutsi zituen planta, bertsokera eta zein asmorekin datorren. Gaztetasuna dakar, eta ideia ederrak margotzen ditu. Kanporaketan baina, anbizioz heldu nahi izan zien gaiei eta handi geratu zitzaion, akaso. Nolanahi ere, ongi apuntatu eta segitzeko izena dugu errotxapearrarena.
Eta lehiaketa den aldetik, bertsolariek hainbeste maite ez duten alderdia ere hor: puntuaketarena. Karasatorre garaile. Sorpresa gutxi hemen. Hurrenkerarekin eta aurreko kanporaketako emaitzekin desadostasuna adierazi zuten bertsozaleen mundilloan dabiltzanek. Baina, txapelketak hori ere badu, eta urrian itzuliko da bete-betean. Esan dezakedana da nik badudala jada nire faboritoa.