Euskadiko Orkestra Sinfonikoa + Yulianna Avdeeva
Zuzendaria: Robert Treviño. bakarlaria: Yulianna Avdeeva (pianoa).
Egitaraua: Wagner, Chopin eta Xostakovitxen lanak.
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia.
Data: ekainaren 8an.
-------------------------------------------------
Euskadiko Orkestrak pasioz eta musikaltasun handiz beteriko saioa oparitu zuen 2022-23 denboraldia amaitzeko.
Izaera handiko hiru konpositore eta bakarlari bikain bat izan ziren Principal Antzokiko entzuleen gozagarri, dudarik gabe.
Richard Wagnerren Nurembergeko maisu kantariak obraren obertura ederrarekin hasi zen gaua. Bi tema handienak patxadaz eta dotoreziaz aurkeztu zituen orkestrak, eta segurtasunez eta soinu osoz moldatu zen taldea Robert Treviñoren aginduetara.
Baina, jakina, saioaren une nagusia Chopinen Pianorako eta orkestrarako fa minorreko 2. Kontzertua-rekin iritsi zen, egungo panoraman dugun piano-jole onenetako batek interpretatuta. Argi geratu zen zergatik irabazi zuen Yulianna Avdeevak Chopin Lehiaketa 2010ean (lehen emakumea izan zen Martha Argerichek 1965ean lortu zuenetik).
Nabarmendu ziren une oro bere diskurtso musikalaren aurkezpen dotorea, soinu ezin zainduagoa, pedalaren erabilera neurritsu eta zuzena, esaldi musikalen arnasketa egokia eta fraseatzean inprimatzen zuen erritmo fina. Kontzertua teknikaz eta pasioz egindako jarioa izan zen, dotorezia infinituarekin. Pianissimi bikain eta delikatuak eta bere distira, arintasuna eta energia behar denean, piano-jotzaile perfektu bihurtzen dute.
Jaso zituen txalo merezien aurrean, bis gisa Xostakovitxen miniatura bat eskaini zuen, bals bat, non bere pultsazioaren fin-fina beste behin agerian geratu zen.
Eta hauxe izan zen, hain zuzen ere, kontzertuaren bigarren zatiko konpositore protagonista. Euskadiko Orkestra "luzitu" egin zen, Dimitri Xostakovitxen 15. Sinfonia, la maiorrean, op. 41 obrarekin, artista errusiarraren azken lanarekin hain zuzen ere. Konposizio arraroa da, beste konpositoreen lan batzuen aipuekin, entzulea benetan lekuz kanpo uzten duena. Xostakovitxek heriotza hurbil zuenez une horretan, ulertu behar da obra honetan ez duela kontzesiorik ematen eta bere ni barnekoena aurkezten duela, entzulearen begirada harrituaren aurrean.
Orkestra espero zen mailan egon zen. Treviñok muntaketa eta soinu trinkotze lan ona egin zuen, eta horren emaitza bertsio dotore eta noblea izan zen, zalantzarik gabe.