argia.eus
INPRIMATU
Noe vs Nyaminyami
  • Zambia eta Zimbabwen artean 1956an Zambezi ibaian Kariba presa erraldoia eraiki zutenean, Noe Operazioa jarri zuten abian europarrek, harrapatuta gelditutako milaka animalia salbatzeko. Aldiz, han bizi ziren 50.000 pertsonak ez zituen inork erreskatatu, eta euren bizitokiak eta lur emankorrak utzi behar izan zituzten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko ekainaren 14a
Karibako presa, Nyaminyami jainkoaren eskultura begira duela. Argazkia: Matriarch Afrika.
Karibako presa, Nyaminyami jainkoaren eskultura begira duela. Argazkia: Matriarch Afrika.

Rhodesia, 1956. Kariba presa eraikitzeko lanak abiatu ziren, Zambezi ibaiaren arroan. Handik lau urtera amaitu zuten 128 metro luze eta 579 metro zabal den zementuzko hesia eta urtegia urez betetzen hasi ziren. 1963an iritsi zen ura maila gorenera; Zambeziren lautada alubiala urak estali zuen, eta hura etorkizunerako jauzi itxaropentsua izan zen proiektua bultzatu zutenentzat.

Baina proiektua abian jarri zutenak ez ziren bertakoak, europarrak baizik. Ipar eta Hego Rhodesia –egungo Zambia eta Zimbabwe– britainiarren esku zegoen eta haiena izan zen ekimena. Rhodesiarrak presa Kariban egitearen aurka zeuden, baina kanpoko “aditu” talde batek erabaki zuen kokapena, haiek kontuan hartu gabe. Harresia eta zentral elektrikoa eraikitzeko lanak Impresit italiar kontsortzioari esleitu zizkioten, eta proiektua Andre Coyne ingeniari frantziarrak diseinatu zuen.

Karibak “tranpa” esan nahi du batonga hizkuntzan, haitzarteak zeuzkan arriskuen seinale, eta bertakoek Nyaminyami ibaiaren jainkoa hortxe bizi zela uste zuten; eta presa eraikitzean jainko sugea haserretuko zela ere bai. Urtegia bete zutenean milaka eta milaka animaliek beren habitata utzi behar izan zuten. Asko irtenbiderik gabe geratu ziren, uharteetan edo zuhaitzetan bakartuta.

Bertakoek Nyaminyami ibaiaren jainkoa hortxe bizi zela uste zuten; eta presa eraikitzean jainko sugea haserretuko zela ere bai

Eta orduan “salbatzaile txuriek” Noe Operazioa jarri zuten abian, bertakoen sinesmenei entzungor, salbamenduarentzat izen kristaua aukeratuta. 7.000 animalia inguru erreskatatu zituzten, eta kasu deigarrienen berri lau haizetara zabaldu; esaterako, errinozero bat salbatzeko, 7 orduko jazarpen arriskutsuaren ondoren, baltsa batean 12 milia egin behar izan zituztenekoa. Baina zuhaitzetan bakartuta geratu ziren eta hosto guztiak jan ondoren goseak hil zituen ehunka tximinoez ez zuen inork hitz egin.

Animalia espezierik kaltetuenetakoa gizakia izan zen. 50.000 pertsonak baino gehiagok utzi behar izan zituzten bizitokiak eta labore lur emankorrak, gehienak Batonga tribukoak. Argindarra, eskolak, ospitaleak… promestu zizkieten arren, gogoz kontra alde egin behar izan zuten. Lur garaiago eta hareatsuagoak landu behar izan zituzten, sail alubial emankorren truke. Beren bizimodua galdu zuten, eskatu ez zituzten ustezko onuren truke.

60 urte joan dira urtegia bete zutenetik eta, egun, Karibako urtegia ustiatzen duen  Zesco (Zambia Electricity Supply Company) enpresak Gwenbe-Tonga ekimena jarri du abian presak eragindako ingurumen eta gizarte kalteak arintzeko asmoz. Iraganean ez bezala, bertako komunitateek parte hartuko omen dute proiektuaren fase guztietan. Eta Nyaminyami jainkoaren eskultura bat ere badago Kariban (irudian), bere bizitokia suntsitu zuen hormatzarrari begira. Kinuok nahikoak al dira Batonga tribuaren eta ibaiaren jainkoaren haserrea itzaltzeko?