argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Unibertsitatea
Ula Iruretagoiena 2023ko ekainaren 13a

EHUko irakasle izateagatik, hitzaldiak emateko gonbitea jaso dut maiz. Sarri, musutruk edo ordainsari baxuen truke. Irakasle izateagatik suposatu dute soldata duin eta egonkorra nuela. Inork ez dit lan-egoeraz galdetu. Nik ez dut ahoa ireki.

Unibertsitatean profesional eta irakasle lanak elkarrekin eramateko kontratu zehatz bat dago, elkartu-irakaslea. Urtero berriztatzen da eta hiru urtero plaza lehiaketara ateratzen da. Ezegonkorra eta langabezia eskubiderik gabea da.

Espainiako Estatuak unibertsitateei buruzko lege berri bat onartu du (USLO), Euskal Herriko unibertsitateetan eragina izango duena. Eragin esparru handi bat elkartu-irakasle kontratuetan egongo da, egonkor egiteko helburuarekin. Baina horretarako, lanaldi orduak murriztuko ditu, eta proportzio horretan, baita soldatak ere. EHUko elkartu-irakasleen  herena arkitektura eskolan biltzen da. Oraindik ez da argitu gurean legea nola aplikatuko den. Laguntzaile-doktore kontratuak sortuko ditu elkartu-irakasle doktoreentzat, baina ez denontzat seguraski. Berregituraketak diru-partida bat eskatuko du, baina legeak ez du esaten nola lortuko den finantzaketa berria.

Estatuko arkitekto elkartu-irakasleen txat bat osatu da. Hainbat fakultatetan egoera oso larria da elkartu-irakasle kopuru altuagatik eta grebak egin dituzte. Aldaketa honek arkitektura unibertsitatearen irakaskuntzan irakurketa zehatz bat du: profesionalen figura ahuldu egingo da, akademikoaren alde. Medikuntzan zabal onarturik dago ezin dela esperientzia profesionalik gabe irakaskuntza eskaini, zirujiaren funtsa helarazteko operazio-gelan egon izana beharrezkoa dela alegia. Baina egurrezko egitura baten aurrean, ez da berdin ulertzen.

Arkitektura irakaskuntzak bietatik eraman behar du ikasgelara; hausnarketa politiko-filosofikoa eta praktikaren eskarmentuak ekartzen duen jakintza partikularra, esperientzia akumulatuan bakarrik eskuratu daitekeena. Bakoitzetik zenbateko proportzioan, eztabaidarako gaia da, urruti gaude horretarako.