Hauteskundeetara deituak izan dira azken egunotan espainiar hiritarrak, juntetxe, parlamentu edota udaletxeetako partaideak hautatzera, erakunde horiek berriztatzera, eta hor ari dira orain guztiak, analisietan, kalkuluetan, noren esku eroriko boterea, norekin lortuko aliantzak, norekin osatuko gobernuak. Prozesuak garbi ematen du: hauteslekuetara konbokatu, gustuko hautagaiak hautatu, bozkatu, eta gehiengoak irabaztean prozesua, kito. Zer eragozpen aurki lekioke horri? Demokraziaren festa esaten zaio.
Euskaldunontzat, bozkatzea ez da eman lezakeen bezain keinu inozentea edo neutroa. Ez genuke ahaztu behar gu ez garela espainolak, espainiar okupaziopean bizi den herri menderatua baizik, eta horrek, noski, dena aldatzen duela. Hasteko, ezin delako esan hemen demokrazia dagoenik, eta definizioz gainera. Demokrazia Herriaren boterea da, eta herria ez denez modu abstraktuan ulertu behar, Herri konkretuen zentzuan baizik, euskaldunon boterearen sinonimo gisa baizik ez dugu hitz hori ulertu eta erabili behar hemen. Eta horixe da gure arazoa, Frantziak eta Espainiak bahitua digutela boterea, beraiek hartu dutela, bortxaz, gure gaineko agintea.
Gainera, sistema baten demokratikotasuna neurtzeko parametroa da begiratzea eskubide funtsezkoak zenbateraino errespetatzen diren. Autodeterminazio-eskubidea (independentzia) urratu zaigu hemen, eta horixe izanik eskubide horietan lehena, eta gainerako guztien baldintza, erregimen inperialista da daukaguna, eta beraz, ez demokratikoa. Bozkatu ahal izateak edo hauteskundeak deitze hutsak ez du sistema bat, berez, demokratiko bilakatzen. Argi dago.
Bozkatu ahal izateak edo hauteskundeak deitze hutsak ez du sistema bat, berez, demokratiko bilakatzen
Gero, noski, hauteskundeak eta hauteskundeak daude. Ez dira denak berdinak. Alde batetik, benetako boterea duten erakundeetarako hauteskundeak daude, Espainia eta Frantziako parlamentuetarakoak, alegia, horiek dira benetako parlamentu bakarrak, botere legegilea dutelako. Gainerakoek, administrazio autonomikoa-eta osatzen dutenek, botere zentral nagusi horren legeak onartzearen eta betearaztearen funtzioa baino ez dute, oro har.
Espainia eta Frantziako hauteskunde orokorretan ez dugula inoiz presente egon behar, azalpen gehiegi behar ez lukeen baieztapena iruditzen zait, espainiar konstituzioaren lehen artikuluak berak dioelako populu espainiarra baino ez dela existitzen, eta mendean hartuak dituen gainerakoak errotik ukatzen ditu. Zer atera daiteke hor egonda, ez bada euskaldunon gaineko zapalkuntza onartzea, aitortzea, zuritzea, eta larriena dena, sistema hori demokratikotzat jotzea eta zilegiztatzea? Horietan boikot erabatekoa eta ñabardurarik gabea egin behar da. Eta besteetan?
Garbi edukita "erakunde" horiek espainiar (edo frantziar) administrazio orokor, zentral eta kolonialaren sateliteak baino ez direla, eta benetako botere burujaberik ez dutela, kontua litzateke geure buruari galdetzea ea Herri moduan horietan parte hartzeak gure nazio-askapen helburuetan laguntzen duen ala ez. Eta tira, bai, izan liteke "erakunde" atzerritar horiek erabiltzen saiatzea gure aldarrikapen nazionalaren erresonantzia-kutxa baten moduan, zergatik ez?
Horretarako, baina, elkarrekin joan beharko genuke euskaldunok, batasun nazionalaren formulazio hutsean, Erresistentzia osatuko luketen indar demokratiko guztiek osatuta, helburu estrategiko bat eta bakarraren inguruan: independentzia nazionala, eta geure estatuaren berrezarpena.
Hortik urrun gaude, antipodetan, beste planeta batean.
Horregatik ni, bitartean, etxean.