1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.
AEB, 1933. Franklin D. Roosevelt presidente hautatu berriak New Deal (itun berria edo banaketa berria) izeneko programa ekonomiko multzoa jarri zuen abian, 1929ko krakaren ondorioei konponbidea eman nahian. Baina ekonomia altxatzeaz gain, herritarren aldartea ere jaso beharra zegoen, eta eguneroko arazoak ahaztu araziko zizkieten entretenimendu modu merkeak hedatu ziren: zinema, irratia eta komikia.
Komiki tirak solte argitaratu ohi ziren ordura arte egunkari eta aldizkarietan, baina produktuaren arrakastaz baliatuta, komikiak albumetan biltzen hasi ziren. 1933an, New Deal abiarazi zuten urte berean, Harry Wildenberg eta Max Gaines, Connecticuteko Eastern Color Printing inprimategiko bi langileri komikien egile eskubideak eskuratu, erraz inprimatu eta kioskoetan merke saltzeko formula bururatu zitzaien, eta comic-book-a sortu zuten, 17x26 zentimetroko liburuxka, 24 eta 32 orrialde bitartekoa, gaur egun oraindik erabiltzen den formatua. 1934an argitaratu zen lehena, Famous Funnies izenburukoa.
Euskarria erabakita, eduki berriez hornitzeko garaia heldu zitzaien komikiei. 1936an Lee Falkek The Phantom sortu zuen, superheroien aitzindaria. Gainerako gizakiak baino askoz indartsuago izanik ere, heroi horrek oraindik ez zeukan superbotererik. Handik bi urtera, 1938ko ekainean Joe Shuster eta Jerome Siegelek argitara eman zuten “altzairuzko gizonak”, aldiz, bai. Supermanen lehen komiki hartan horrela aurkezten zuten superheroia: “Zapalduen txapelduna. Bere existentzia osoa beharra dutenei ematea zin egin duen miraria”.
Depresio Handian komikilariek langilez lepo zeuden aireztapenik gabeko bulegoetan jarduten zuten ordu luzez; sweatshops edo izerdi tailerrak esaten zieten zulo haiei
Izerdi tailerrak
Hasierako superheroi haiek kontzientzia soziala zuten: emakumeei tratu txarrak ematen zizkietenen aurka egiten zuten, poliziaren gehiegikerien aurka, langileak zapaltzen zituztenen aurka… Baina gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik. Depresio Handian komikilariek langilez lepo zeuden aireztapenik gabeko bulegoetan jarduten zuten ordu luzez; sweatshops edo izerdi tailerrak esaten zieten zulo haiei. Lluc Casals historialari kataluniarrak Sapiens aldizkarian azaldu bezala, fordismoa komikiaren mundura ere iritsi zen. Baldintza kaxkar haietan aritu ziren, bestek beste, Batmanen sortzaile Bob Kane eta Jack Kirb, Spidermanen ilustratzailea, superheroien komikien urrezko aroko egile nagusietakoak.
Aro horren distira Gerra Hotzak itzali zuen. Fordismoa lehenago bezala, McCarthysmoa iritsi zen komikietara 1950eko hamarkadan. Fredic Wertham psikiatrak, Seduction of the Innocent (1954) lanean esan zuen komikiek gazteen delinkuentzia eta desbideratze sexuala bultzatzen zutela –Batman eta Robin homosexualak ziren eta Wonder Woman, lesbiana–. Comic Code Authority delakoa sortu zuten, edukiei buruzko arau zorrotzak ezarri eta betearaziko zituena. Zenbaitetan komikien erretze publikoak ere egin zituzten.
Superheroiak bizirik atera ziren kinka larri hartatik ere. Gaur egun osasuntsu daude eta borrokan jarraitzen dute… elkarren aurka. Marvel eta DC komiki industriako erraldoiek hamarkada asko daramatzate lehian, negozioaren banaketa ongiaren eta gaizkiaren gainetik baitago.