argia.eus
INPRIMATU
Iparrik gabeko pedagogia
Tere Maldonado @teremaldon 2023ko maiatzaren 31
PAULA ESTÉVEZ

Badaude bizitza primeran antolatzen dutenak eta beste batzuk hain onak ez direnak egutegia atontzerakoan. Badira biziera eta pentsamolde karratuak dituztenak eta askeagoak (edo kaotikoagoak) direnak. Izaera desberdinak errespetatu behar direla onartuta (puntu bateraino, behintzat) gero eta beharrezkoago zaigu guztioi bizitza planifikatzea: lana, aisia, lagunak, familia. Hain da horrela, non denboralizazioa zientzia edo arte bilakatu baita berez, agendak, egutegiak eta ordutegiak lan-tresnak izanik, espazioan zehar gidatu beharrean, denbora antolatzen diguten mapak dira.

Irakasleok beti programatu behar izan dugu gure egitekoa, ikasturtearen ikuspegi orokorretik zereginak eta edukiak banatu, ikasgelan landu beharrekoaren sekuentzia astero antolatu, etab. Platonek berak Akademian, Aristotelesek Lizeoan edo Hipatiak Serapeonean, ikasketa-plan bat izan behar zuten, nahiz eta eurak, jakina, ikasgelara iritsi eta nahi zutenaz inolako plangintzarik gabe hitz egiteko gai ziren. Baina Platon, Aristoteles edo Hipatia izan behar da hori egin ahal izateko. Irakaskuntza arautuaren jarduerak planifikatuta egon behar duela begi-bistakoa da. Irakasleok ez ditugu ikasgaiak gure irizpide partikularraren arabera soilik jorratzen; aitzitik, aldez aurretik ezarritako ikasketa-plan bati zor gatzaizkio. Plangintzak koherentea izan behar du, hasiera eduki, garapena, amaiera, helburuak, horiek lortzeko metodologia, horrelako gauzak. Eta, jakina, helburuok  bete ditugun ebaluatzea ahalbidetuko duten tresnak.

Agintean dauden pedagogoek ahaztu dute gure ataza ez dela programatzea, irakastea baizik. Programazioek tresna izan behar dute gure lana hobetzeko, ez lanaldiaren parte handi bat jaten duena

Pedagogiaren zati bat aritu da programatzeko arte ederrean infinituraino sakontzen, temati, iparra galdu arte. Zuzen programatzeko jarraibideak eman dizkigute aspalditik, baina azken boladan kontua eskuetatik joan zaie, Sergio de Castro Sánchezek El Salto egunkarian bikain salatu duenez. Lortu nahi duten zehaztasun-maila zentzugabea da. Ikasgelan egiten dugun gauzatxo txikerrenaren aurreikuspen milimetrikoa, ikasleei eskatzen dizkiegun lantxo bakoitzaren helburuak (orokorrak, espezifikoak), gaitasunak (zeharkakoak, zehatzak), arazo-egoerak, ezagutza-edukiak, trebetasunak, ebaluazio-irizpideak, prozedurak... dena lotuta eta albainduta egon behar, dagokion laukian, dokumentuan, excell bukaezin eta zoroan.

Maizegi gertatzen da: bitartekoak eta xedeak nahastu egiten dira. Eta hara hor irakasle kidego oso batek, lan-jardunaldiaren parte handia laukiak betez eta mihiztatuz, atseden gabe, Antzinako Erromako esklaboek mosaikoen teselak ipintzen zituzten bezala, bata bestearen ondoan, aurretik emandako eskemaren arabera koloreak eta formak bat etorraraziz eta ahokatuz. Bai, Antzinako Erroman esklaboek egiten zuten lanaren eta gurearen artean ere aldeak daude: eurak ez bezala, pantaila barruan bizi eta lan egiten dugu guk (nor da esklaboagoa?); euren lanaren emaitza, mosaiko ederrak; gurea, milioika PDF zatar hodeian zintzilik.

Agintean dauden pedagogoek ahaztu dute gure ataza ez dela programatzea, irakastea baizik. Programazioek tresna (bitarteko, baliabide) izan behar dute gure lana hobetzeko, ez belar txarra bezala hazten den minbizia, lanaldiaren parte handi bat janda. Gogora dezagun Borgesek Inperio hartako Mapa Neurrigabeez kontatzen zuena: perfekzioaren bila, mapatutako lurraldearen tamainako mapa bat egitera ailegatu ziren bertoko kartografoak, baina halako mapa batek ez zuen ezertarako balio. Horrez gain, programatzearekin obsesionatuei jakinarazi behar diegu ikasgelan sarri inprobisatu egin behar dela. Iparra ez galtzen lagundu behar digute mapek.