“Inkestak balioko digu zertan garen ondorioztatzeko eta ondoko geltokia non jartzen dugun erabakitzeko”

  • Iraganetik elikatuta eta gaurko testuinguruan kokatuta, geroari begira jartzeko ariketa kolektiboa izan nahi du Bagira prozesuak. 1963an Itsasun egin zen Ipar Euskal Herriko lehen Aberri Egunaren 60 urteak direla eta, mugimendu abertzalearen epe ertain luzerako bide-orria adostea dute helburu. Prozesu horren antolatzaileen artean den Anita Lopeperekin bildu gara, nondik-norakoak jakiteko asmoz: "’Abertzale’ nozioa bezain inportantea zaigu ‘mugimendu’ hitza. Horrekin ulertzen duguna da azken hamarkadetan Euskal Herri burujabe, solidario, feminista, euskaldun eta justizia sozialean oinarriturikoaren eraikuntzan parte hartu duten norbanakoz eta egiturez ari garela".

Anita Lopepe, elkarrizketatua
Bagira

Bagira prozesua aitzina doa eta bigarren fasean sarturik zarete: diagnostikoan. Oroitaraziko diguzu zer den Bagira?

Gogoeta prozesu bat da. Mugimendu abertzalearen oinarri zabalean gogoeta bat antolatzea du xede, ondoko urteetarako bide-orri partekatua osatzeko. Joan den abenduan publiko egin genuen eta 2024ko Aberri Eguna bitartean fase desberdinak ditu prozesuak: aurtengo Aberri Eguna arte transmisio historikoa burutu dugu, aitzineko urteetan eta hamarkadetan abertzaleek aitzinarazi dituzten borrokak, osatu dituzten proiektuak gogoratzeko eta aldi berean garai horiek ezagutu ez dituztenei horien berri emateko. Egin den bidetik ikasgai zenbait atera nahi izan ditugu. Fase hori finitu da Aberri Egunarekin, sinbolikoki markatu nahi izan dugu data hori, duela 60 urte leku berean, Itsasun, pausatu zirelako Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaren oinarriak. Orain, zertan garen aztertzeko xedez ireki dugu bigarren fasea, diagnostikoa deiturikoa. Ondotik, bide-orri partekatu bat adostuko dugu.

60 urtetako ibilbide horri so egin eta zer dugu azpimarragarri?

Hastapenetik argi genuen ez gindoazela kontakizun bakar baten adostera eta ondorio amankomun batzuk ateratzera. Ez genuen hori helburu, eta pertsonalki pentsatzen dut ez dela posible. Argitara ezarri nahi genuen mugimendu gisa eraman diren borrokek ekarritakoa. Erran daitekeena da biziki oparoa izan dela mugimendu abertzalearen ekarpena. Anitza ere izan da, sektore eta gai anitzetan gauzatu dira proiektu egituratzaileak eta izugarri konkretuak, baita abertzale ez diren batzuekin elkarlanean ere. Hori dugu, ene ustez, ondorio argiena. Baina, transmisio historikoak agerian uzten digu zenbat gelditzen zaigun egiteko. Hitza hartu duten lekuko guziek dute hori agerian utzi: ez da triunfalismorik, egin da bidea, baina bada oraindik egiteko. Horrez gain, argi gelditzen da gauzak aldatu direla. Testuinguru globala aldatu da, eta Euskal Herrian ere gauzak aldatu dira, batzuk onerako besteak txarrerako.

“Transmisioaren fasean ondokoa agerian utzi dute guziek: ez da triunfalismorik, egin da bide, baina bada oraindik egiteko”

Autokritikatik, errepikatu nahi ez diren osagai batzuk atera direa diagnostikoaren fasetik?

Argiki, ez dugu beti asmatu eta ez gira beti fin ibili. Zatiketak izan dira eta zatiketek ahuldu dute mugimendua batzuetan, eta beharbada beste batzuetan gauza batzuk argitzeko balio izan dute. Testuingurua aldatu bada, deus ezin da errepikatu egina izan den bezala.

Bigarren fase honetarako, 40 galdera dituen inkesta osatu duzue.

Inkestarekin diagnostiko aski estatistikoa eta kuantitatiboa dugu, eta eginahala pertsonen iritziak bildu nahi ditugu. Horrek emanen digu tenperatura: zein pertzepzio den egindako bideaz, mugimendu abertzaleari buruz, aitzina begirako erronkez... Balio handiko oinarria izanen da hori guretzat, gero diagnostiko kualitatiboa osatzeko. Ondotik, problematika zehatz batzuk argitzeko xedez bideratuko ditugu beste forma batzutako momentuak –saio tematikoak, gai transbertsal batzuei buruzko perfil askotariko jendeen gurutzaketa, eta beste–. Horregatik dugu ahal bezainbat abertzaleren iritzia bildu nahi, eginahala partehartzailea izatea nahi dugu. Bide-orri bat adostera goazenez, oinarria izan dadila horretara dedikatuak diren egiturek egin dezaketena baino zabalagoa. Altxor bat izanen da datu bilketa hori. Baina, ariketa bera dugu helburuen artean: ehunka abertzale gogoetan ezartzea, oren batez osatu ditugun 40 galderen inguruan hausnarraraztea. Guretzat anitz da hori, gogoeta prozesuaren mamia dugu hori bera.

Inkestari ahal bezainbat abertzalek erantzutea nahi dute. www.bagira.eus gunean jarri dute inkestarako lotura.

EH Bai alderdia hor da, urtez urte indarra irabaziz doana. Inkesta horretatik aterako dena bere egin eta kontuan hartuko du, baita aldaketa batzuk galdatzen bazaizkio ere?

Dinamika hori abiatzerakoan hastapena eta bukaera ezarri genizkion, Bagira ez delako mugimendu bat, baina bai prozesu bat. 2024rako hainbat norbanako eta egitura ezarri nahi ditugu gogoetan, bide-orri partekatu bat osatzeko xedez. Helburu orokorrak elkarrekin adostu ditzagun. Behin lan hori bukaturik, erran nezake bide-orriaren gauzapena ez dela Bagiraren esku. Hau da gure apostua: prozesu partehartzailea lortzen badugu zinez, bide-orriaren osaketan parte hartu duten egiturek, eragileek eta norbanakoek bere eginen dutela eta erreferentziazkoa bilakatuko dela nork bere ildoak finkatzeko momentuan.

Hanka bat hauteskundeetan, bestea aktibismoan. Bien arteko oreka ez galtzea izan daiteke mugimendu abertzalearen erronketariko bat. Agian ondoko oharra aterako da inkestatik: “Kasu, ez galdu hanka aktibista”...

Ondoko irakurketa partekatzen genuen iniziatiba abiatzerakoan: mugimendu abertzalea hazi da, giro orokorra ere anitz aldatu da eta horrek galdera berriak sortzen ditu. Eguneratzeko beharra dakar horrek eta beharbada mugimendu izaera indartu beharrean gara. Zer ulertzen dugu “mugimendu” nozioarekin? Inkestako galderetariko bat dugu “zer da mugimendu abertzalea?”. Mugimendu hitzaren gibelean konbergentzia bat bada, eta iduritzen zaigu abertzaleek kontzienteki lan egin behar dugula helburu amankomun batzuen alde. 60 urtez bide egin bada horri esker ere bada, hainbat egitura eta norbanako aritu direlako helburu eta proiektu amankomun batzuei begira. Herri hau eraiki behar dugu, eta izaera jakin batekin eraiki behar dugu: sozialki justua, ingurumenarekiko errespetuan, herri euskalduna, feminista, solidarioa... Iduritzen zaigu mugimendu izaera horrek berritzeko eta berrindartzeko beharra duela. Horretara dator bide-orria, ondoko etapak eta bidea elkarrekin adosteko. Bere eginen dute egiturek, norbanakoek eta hautetsiek? Nahi dugu pentsatu baietz. Baina hori ez da gehiago Bagiraren esku izanen, Bagira ez delako inondik ere eragileen arteko koordinazio bat.

“Ariketa bera dugu helburu: ehunka abertzale gogoetan ezartzea, oren batez,
40 galderen inguruan. Guretzat anitz da hori”

Mugimendu abertzalea diozuenean, EAJ edo Ipar Buru Batzarrak badu bere lekua hor?

Prozesua abiatzerakoan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jardunaldiak antolatzea genuen xede. “Abertzale” nozioa bezain inportantea zaigu “mugimendu” hitza. Horrekin ulertzen duguna da azken hamarkadetan Euskal Herri burujabe, solidario, feminista, euskaldun eta justizia sozialean oinarriturikoaren eraikuntzan parte hartu duten norbanakoz eta egiturez ari garela. EAJ ez da Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen historiaren osagai bat izan. Pentsatzen dugu, gainera, diferentziak badirela jendarte proiektuaz eta proiektu politikoa ezaugarritzerakoan.

Lurralde erakargarria da Ipar Euskal Herria eta 22.000 biztanle gehiago izanen ditugu hemendik 20 urtera, gehienak “Frantziako  eskualde goxo batera” etorritakoak. Hori ere izanen da gerora begira erronka potoloa.

Nik badut nire iritzi pertsonala, zuk zurea duzun gisara, baina Bagira prozesu bat da, horri buruzko gogoetarik ez du. Haatik, bistan da, inkestaren gibelean bada arrangura hori. Egoera aldatu dela diogularik, aldagai hori ere dugu kontuan hartzen. Gerorako erronketan lehentasunak zein diren, problematika horri buruz abertzale mugimenduak dituen indargune edo ahulguneak zein diren… horra galderen bidez jakin nahi duguna. Mugimendu abertzaleaz berriki interesatu direnen iritziak nahi ditugu, beraiek ere lekua dutela sentitu dezaten. Kanpotiar batentzat ez da baitezpada erraza bere lekua atzematea, nahiz eta azken urteetako hainbat bilakaerek –hauteskundeetako emaitzek, ikastoletako gurasoen perfilak, eta beste– erakusten diguten gure proiektua inklusiboa dela. Diozun bezala, erronka bat da bilakaera demografikoarena mugimendu abertzalearentzat eta buru egin beharko zaio modu transbertsalean –hizkuntza, lurra, etxebizitza, kultura eta beste–.

“Izan ginen, bagira, izanen gira” adierazpena irakurri dute aurtengo Aberri Egunean, duela 60 urte abertzale multzoa elkartu zen leku berean.

Euskararen auzia ere hor dugu. Apalduz doa erabilpena, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera %7,1 gara euskara frantsesa bezainbat edo gehiago erabiltzen dugunok –2003an %10 ginen). Orain artekoari begiratu eta zer erran daiteke mugimendu abertzaleak hizkuntzari begira izandako harremanaz eta lanaz?

Ipar Euskal Herriko 40 bat eragilerekin bildu ginen gogoeta prozesuaren berri emateko. Tartean baziren euskalgintzako eragileak, batzuk ezagunak, saihestezinak, beste batzuk elkarte ttipiagokoak. Argi gelditu zen abertzale gisa badugula zer gogoetatu euskarari buruz, egindakoari begiratu behar diogu eta jokoan dena identifikatzeko. Euskalgintzaren alorrean aktualitateak behartzen gaitu aldian aldiko erantzunetara, sustut ikusirik lorpenak zalantzan jarriak edo kaltetuak izan daitezkeela. Frantziako Estatuak eramaten gaitu erresistentzia jarrerara, dugun ttipi hori defenditzera. Ondoko oharra jaso genuen elkarte ttipietatik: hori defenditzen ari giren bitartean, agian erronka nagusia –euskararen biziraupena– ez dugu sakontasun osoan aztertzen. Beste hainbat gairen gisara, euskararen xantierrari ere molde eraginkorrean erantzuten ahalko zaio gure iritziak eta gure indarrak partekatuta. Diagnostikoaren faseari dagokionez, ene ustez ez dut arrisku handirik hartzen erraten badut euskara izanen dela tratamendu espezifikoa beharko duen gai bat. Gure xedea litzateke euskalgintzan ari diren eragile edo norbanakoak biltzea, ikuspegi desberdinak gurutzatzea, egunerokoak behartzen gaituen zurrunbilo horretatik atera eta begiak zerumugan jartzea. XXI. mendean ere herri hau euskalduna izateko etapak eta osagaiak zein diren gogoetatu nahi genuke. Ene iduriko, euskararen arloak zinez justifikatzen du Bagira prozesuaren funtsa: euskararen arloan anitz gauza egiten da, han edo hemen, baina ikuspegi globala finkatu eta antolatu beharra dugu.

“Mugimendu abertzaleari berriki interesatu direnen iritziak nahi ditugu, beraiek ere lekua dutela sentitu dezaten”

Euskal Herri burujabea aipatu duzu. Independentziaz ari gara?

Inkestako galderetariko bat da bete-betean. Horri buruz nahi dugu galdezkatu eta hor ere bakoitzak du bere erantzuna. Nahi dugu galdera horri ehunka abertzalek erantzutea. Zein dira XXI. mendeko oinarrizko kontzeptuak –nazio izaera, euskara, burujabetza politikoa, burujabetza, sozialismoa...–. Jakin behar dugu non kokatzen den kurtsorea. Uste dugu galdera pausatzea ez dela sakrilegio bat; alderantziz, galdera egin behar dela, eta ikusi. Horretarako ahal bezainbat erantzun bildu behar dugu, oinarri horiek bizirik segitzen ote duten neurtzeko, eta ikusteko berri batzuk gehitu behar ote zaizkion. Kasu, ez da bozketa bat, gogoeta prozesu bat da, tenperatura hartzeko balioko digu, zertan garen ondorioztatzeko eta ondoko geltokia non jartzen dugun erabakitzeko.

Aztiker ikergunearekin eramandako inkesta da. 23.000 bozkazale inguru ditu EH Bai-k, beraz gutiago ala gehiago, 23.000 abertzale. Fidagarritasuna bermatzeko zenbat erantzun jaso behar dituzue?

Errepresentatiboa izateko mila pertsonako lagin bat ongi dela diote Aztikerrekoek. Errepresentatiboa nahi denez, kopuru kritiko bat ukateaz gain, hainbat osagai bermatu behar ditugu (gizon/emazte proportzioa, lurraldetasuna, borroka sektoreen aniztasuna…). Galdera batzuk balio dute erantzuleen profila osatzeko, beraz, Aztikerren laguntza teknikoari esker, desoreka batzuk ikusten baditugu gure gain izanen da jendeen aktibatzea, balio estatistikoa bermatzeko. Baina guk erantzun gehiago nahi dugu, Bagirak prozesu partehartzailea izan nahi duelako.


ASTEKARIA
2023ko ekainaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Ortuzarrek ez du EAJko buru izaten segituko eta bidea libre utzi dio Estebani

EAJren barne prozesuan ez du bere burua aurkeztuko, nahiz eta garaile irten den orain arteko bozketetan. Itxura guztien arabera, Aitor Esteban izango da EBBko buruzagi berria.


Armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi du Torres lehendakariordeak, Zedarriak-i erantzunez

Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]


Zaldibarko hondamenditik bost urtera, erantzukizunak argitu gabe eta zabortegien kontrola ezbaian

Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik,... [+]


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen jarrera salatu du

Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.


ANALISIA
Trumpismoa Espainian

Proces-aren aurkako epai gogorra 2019ko urrian atera zen eta horrek Bartzelona sutan jarri zuen. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuan bolo-bolo irakurri zen eskuineko prentsan jaregindako esaldi hau: “Espainiaren on beharrez, 50 urtero Bartzelona bonbardatu beharko... [+]


Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]


Eguneraketa berriak daude