Ertzaintzak 1.387 grabazio kamera erosiko zituela iragarri zuen Josu Erkoreka sailburuak iazko urrian. "Segurtasun Sailarentzat bideoa kudeatzeko plataforma integrala eta banakako kameren sistema" honen adjudikazioaren ebazpena maiatzaren 10ean argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Telefónica Ingeniería de Seguridad enpresaren 1,6 milioi euroko eskaintza suertatu da garaile. Telefónicaren ate birakarietatik politikari asko pasa dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakaria izandako Yolanda Barcina, edo Espainiako Defentsa ministro ohia den Narcís Serra. Aurkeztutako hamar lizitatzaileen artean Indra eta Prosegur zeuden.
Telefónica Ingeniería de Seguridad enpresak Ertzaintzari entregatuko dizkion kamerak Axon Enterprise AEBetako multinazionalarenak dira, taser pistolen fabrikatzailea, hain zuzen. 922 kamera izango dira euskal oasiaren hiru hiriburuetako herritarren babeserako patruilentzat, Brigada Mugikorraren Unitatearentzat 300 eta trafikoko hiru lurralde unitateentzat beste 100. Eusko Jaurlaritzaren helburuak omen dira "polizia-jarduketen gardentasuna bermatzea, delitu-egintzen aurrean frogak hobeto aurkeztea eta agenteen segurtasuna areagotzea".
922 kamera izango dira euskal oasiaren hiru hiriburuetako herritarren babeserako patruilentzat, Brigada Mugikorraren Unitatearentzat 300 eta trafikoko unitateentzat beste 100
2021. urtean "3i kusle" proiektu pilotua jarri zen martxan. Proba pilotu horretarako patruila agente batzuek 30 kamera erabili zituzten kalean. Kamera gehienak "Bilbo Zaharreko dispositibo berezian" erabili ziren. Aholkularitza teknikoa Idom enpresaren esku utzi zuen Segurtasun Sailak. Jon Arretxe idazlearen 19 kamera liburua etorri zait gogora, baina errealitateak fikzioa gainditzen du.
Ertzaintzak ama-seme batzuk indarkeriaz atxilotu zituen Bilboko San Frantzisko auzoan 2020. urtean. Bizilagunak leihora eta balkoietara atera ziren agenteek erakutsitako jarreragatik protesta egitera eta auzokide batek dena bideoan grabatu zuen. Bilbo Zaharra eta SOS Arrazakeria elkarteek jakinarazi zutenez, Ertzaintzak hainbat auzokideren kontrako salaketak jarri zituen, agenteei irain egitea egotzita, eta isunik handiena bideoa grabatu eta sare sozialetan "baimenik gabe" zabaldu zuen emakumearen aurka bideratu zen. Afera hori European Network Against Racism (ENAR) elkarteak Europako Parlamentuari bidalitako txosten batean dago.
Kamera proiektu horiek Segurtasun Sailaren jarduera gidatuko duen "ardatz nagusietako batean" kokatzen dira: "Prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa segurtasunaren erronkari erantzuteko tresna aurreratuak eta egokiak izateko".