argia.eus
INPRIMATU
Vietnam sentimentala
Castillo Suárez @casti_suarez 2023ko maiatzaren 24a

Literaturak ematen dizkizun opari horietako bat. Frankfurteko jatetxe indiar batean geunden, desordutan. Parean Rosa Berbel eta Luis García Montero idazleak nituen. Bigarren aldia zen Berbel eta biok Alemaniara gindoazela urte hartan. Hizketan geundela “Frankfurt da nire Vietnam sentimentala” bota zuen Berbelek. Monterori irri murritz bat atera zitzaion, baina ez genion gehiago galdetu. Beharbada denok daukagulako Vietnam sentimental bat. Atera ezin garen toki bat, lainoz eta zarataz beteta. Badakigu alferrik gaudela bertan, baina, hala ere, suntsitutako paraje hartan jarraitu nahi dugu. Gurea ez den kausa baten alde egin. Taxian bueltatu ginen hotelera. “Muxuek Napalm zaporea dute zure Vietnam sentimentalean” kantatu genuen gure baitan. Saucony kirol zapatilen komertzialez betetako meeting bat zegoen hotelean. Aperol bana eskatu genuen, baina zerbitzaria ez zen harritu orduagatik. Hoteletako zerbitzariak ez dira nolanahi asaldatzen. Hitz egin genuen maitasunaz eta heriotzaz, zertaz, bestela. Beharbada berriz elkar ikusiko ez genuela bagenekien, eta horrek bulkatu gintuen espero gabeko aitortzak egitera. Izan ere, denok egon gara Vietnam sentimental batean. Hasi baino lehen galdutako guda batean.