argia.eus
INPRIMATU
… eta hala gorpuzten dugu Wittigen pentsamendua
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko maiatzaren 25a

Ume nintzela ez ezkontzeko eta umerik ez izateko gomendatu zidan amak. Orduan ez nuen ulertu, baina uste dut ni babesteko izan zuen adierazpen formarik zintzoena izan zela hura. Nerabezaro berantiarrean hasi nintzen inguratzen ninduen parterik handienarekin deseroso sentitzen eta deserosotasun horiek nondik zetozen ulertzen. Horietako bat izan zen hainbat espaziotan presente zegoen gizontasunaren eredu errepresiboa, hari esker konturatu nintzen heterosexualitatea ez zela niretzat nahi nuena. Geroago erabaki nuen bollera izango nintzela.

Ez dut ukatuko erabaki horrek apurketa bortitzak ekarri zizkidanik garai horretako ingurune hurbilarekin, eta liburuetako erreferenteak ez zirela nahikoa apurketen hutsunea betetzeko, jarraitu nahi nuen norabidean ipar izan arren. Baina apurketek hasiera berriak dakartzate sarri, eta horrela, berandu baina, sartu nintzen lehenengoz bollera talde batean. Adin desberdinetako bollerak geunden hor; kaleak hartzen genituen asanbladak egiteko eta heteroentzat egindako espazioak okupatzen genituen aisialdi eredua desnormalizatzeko helburuarekin. Talde horretan zeuden zaintza eta barne dinamikak ez nituen aurretik inolako militantzia taldetan aurkitu; gorputza zegoen jarrita diskurtsoan eta pertsonala politikoa da premisa ez zen lelo abstraktu bat, gure egunerokotasuna baizik: taldeak betetzen zuen normaltasunetik ihes egiteak uzten zuen hutsunea. Familia birkonfiguratu genuen.

Izenik gabe, ez dago izanik, eta gu bollerak ginen, ez emakume homosexualak. Gorpuzten genuen bollera ez zen orientazio homosexual bati lotutako identitate bat, baizik eta praktika eta kontzientzia jakin bat zuen subjektu politikoa

Izenik gabe, ez dago izanik, eta gu bollerak ginen, ez emakume homosexualak. Gorpuzten genuen bollera ez zen orientazio homosexual bati lotutako identitate bat, baizik eta praktika eta kontzientzia jakin bat zuen subjektu politikoa. Transmaribibollooi askotan gertatzen zaigu eskura ditugun hitzekin ezin ditugula gure errealitateak deskribatu, hitz horiek gizarte bitarrak sortu dituelako eta logika heterosexual bati jarraitzen diotelako. Hitz berriak sortu, edo historikoki gu markatzeko erabili direnak okupatu eta esanahia aldatzen diegu normaren parte izan nahi ez dugula ozen esateko, azken batean, hitz horiek eman baitigute existentzia. Bollera hitza dugu horietako bat.

Bollera izatea hautu politikoa da, hala zioen Monique Wittig handiak. Heterosexualitatean oinarritutako tradizio oso bat dugu gure gain, bizi-eredu desiragarrienak ere heterosexualak dira, eta modu heterosexual batean pentsatzen jarraitzen dugu horren ondorioz. Azken hori dugu gure zapalkuntzaren parte hein handi batean. Baina posible dugu alde zitalera pasatzea eta hura desiragarri bihurtzea, Wittigek bere lan teoriko eta literarioan egin bezala. Instituzioek definitzen dute hierarkia sexualaren bitartez LGTB gorputz zuzena, eta horren ordainetan prekarizatzen gara praktika horretan sartzen ez garenok. Ikusgarritasuna baino, erreferente zital positiboak behar ditugu haien eredua jarraitu ahal izateko.

LISIPE bildumarekin ekarri genuen 2017an Wittigen Pentsamendu heterozuzena euskarara, eta bada modu bat haren diskurtsoa geure egiteko eta bollera gorpuzten jarraitzeko.