argia.eus
INPRIMATU
Erretiro adina atzeratu eta lanaldia luzatzean
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko maiatzaren 26a
Azkoitiko laneko heriotza dela-eta sindikatuek egindako elkarretaratzea eta ekintza. Argazkia: LAB
Azkoitiko laneko heriotza dela-eta sindikatuek egindako elkarretaratzea eta ekintza. Argazkia: LAB

Zer pentsa ematen du apirilaren 28an egindako salaketek utzitako arrasto txikiak, eta haren segida bakarra izatea istripuen eta langileen heriotzen kate etengabea. Azkoitian, eraikuntzan beste behin ere, oso ohikoa eta beraz saihesgarria den istripuan hil da 62 urteko langilea. Prebentzio faltan eta enpresak langileen osasuna eta bizitza babesteko duen erantzukizunean jarri dute fokua sindikatuek. Hala behar du, istripu hauek ez lirateke gertatuko (ez behintzat oraingo maiztasun eta erraztasunarekin) oinarrizko neurriak hartuz gero.

Baina badago heriotza latzagoa egiten duten beste ertz bat: langileak erretiroaz gozatzen egon behar lukeela, ez aldamio baten gainean. 62 urterekin erretiroa hartzea posiblea eta ohikoa zen duela ez denbora asko. Atzean geratu dira garai horiek ordea, pasa den urtean inoiz baino aurrejubilazio eskaera gutxiago egin ziren, eta erretiro adina nabarmen atzeratzea ekarri duen joeran sakondu da tarte laburrean.

Pentsio-prestazioa murrizteaz gain, pentsioa jasotzeko garaia laburtzea helburu duen erreforma prozesua emankorra izaten ari da emaitzetan. Baita ondorioetan ere, erretiroa garaiz hartu nahi eta ahal duenak sistema pribatura jotzea beste aukerarik ez duelako. Pentsio sistemaren eta enplegu duinaren borroka elkar lotzeko arrazoiak soberan dira, beraz.

Adinez gora egiten dugunean, lanbide askotan arrisku faktorea dela gogora ekartzea beharrezkoa da bai, baina ez da hori arazo bakarra. Erretiro adina atzeratzea lan merkatura denbora gehiagoz kateatzen gaituen lanaldiaren luzapena da, egoerak lanaldia murriztea eskatzen badu ere.