argia.eus
INPRIMATU
‘Tutto Verdi’-ren azken txanpa
Montserrat Auzmendi del Solar 2023ko maiatzaren 17a
OLBEk antolatutako Tutto Verdi International Awards sariak. Bilboko Arriaga antzokian, apirilaren 17an. / Argazkia: E. Moreno Esquibel. OLBE
OLBEk antolatutako Tutto Verdi International Awards sariak. Bilboko Arriaga antzokian, apirilaren 17an. / Argazkia: E. Moreno Esquibel. OLBE

Sari banaketa guztien emaitza ez da beti bertaratuen emozioa, edota benetan merezitako sariak direlako sentsazioa. Oraingo honetan, ordea, bai. Verdiren opera guztien entzule gisa izandako esperientziatik zetorren bertaratuen emozioa, Tutto Verdi proiektu apartaren edukia izan direnak. Agian norbaiti erraza iruditzen zaio Tutto Verdi bezalako proiektu bati ekitea, non egile bikain horren obra osoa urteetan zehar eskaintzen den. Baina ez du ezer errazik. Izan ere, opera bat muntatzea oso zaila da. Ikuskizun totala, garestia eta konplexua da, eta horrelako ekoizpen batean modu batera edo bestera esku hartzen duten guztien talentu ikaragarria eskatzen du.

Bada, pentsa dezagun opera bat muntatzea zaila bada, Verdiren produkzio osoa hamasei urtetan zehar programatzea, lehen mailako artistekin, ezinezkoa izan litekeela jende eta entitate askoren laguntzarik gabe. Egia esan, horixe izan zen Tutto Verdi International Awards sarien banaketa: aintzatespen bat proiektu handi hau arrakastaz egin izana lagundu zutenei.
Leo Nuccik, Pier Luigi Pizzik, Daniela Barcellonak, Juan Jesús Rodríguezek, Riccardo Frizzak, Emilio Sagik, Bilboko Opera Abesbatzak eta BBVA Fundazioak jaso zituzten OLBEk sortutako sari hauek. Ekitaldia Arriaga Antzokian izan zen, eta Iñaki Gabilondok eta Udane Goikoetxeak aurkeztu zuten gala-errezitaldi polit hau.

Emandako sari guztiek zentzu handia izan zuten, baina Verdiren interprete handiei emandako sarietan jarri nahi dut arreta, konpositore honen aria batzuen interpretazioa oparitu baitziguten.

Gizonezko ahots onenaren saria Juan Jesús Rodríguez baritonoak jaso zuen. Ernani operako aria bat eskaini zuen, eta Huelvako (Andaluzia) abeslariaren interpretazio intentsitateaz disfrutatzeko aukera izan genuen.

Emakumezko ahots onenaren saria Daniela Barcellona mezzo zoragarriak jaso zuen, urteotan hain une bikainak pasarazi dizkigunak. Abeslari italiarrak Il Trovatore operako pieza bat interpretatu zuen, Alessandro Vitiellok pianoan lagunduta. Beti bezala, primeran.

Gaueko azken saria Leo Nucci baritono handiarentzat izan zen, egindako ibilbide profesionalagatik. Artista karismatiko hau galako unerik hunkigarrienetako baten protagonista izan zen, Rigoletto operaren Cortigiani interpretatuz.
Benetan gala bikaina izan zen, eta bertan parte hartu zuten guztien kalitatea eta gertutasuna nabarmenak izan ziren. Zorionak, guztioi.