Washington-Mosku, 1963ko ekainaren 20a. Gerra Hotzeko bi potentzia nagusien arteko komunikazio linea zuzena, Telefono Gorria, jarri zuten martxan. Baina benetan telefono bat al zen?
Aurreko urteko urrian, Kubako misilen krisiak agerian utzi zuen Sobietar Batasunaren eta AEBen artean komunikatzeko bide zuzenagoa eta seguruagoa behar zela; orduan, Nikita Khrustxoven mezuak hamabi ordu behar izan zituen Etxe Zurira dekodifikatuta iristeko, eta tarte luze horretan krisia gatazka larriago bat pizteko zorian egon zen.
Kazetariek jarri zioten Telefono Gorria izena, baina ez zen sekula telefono bat izan. Komunikazio telefonikoa arriskutsua zela erabaki zuten. Idatzizko komunikazioak hotzago jokatzeko aukera emango zuen, hausnarketarako eta beroaldiak eta inprobisazioak saihesteko tartea. Gainera bakoitzak bere hizkuntzan idaztea hobetsi zuten eta, gero, mezuak ondo itzuliko zituzten, gaizki ulertuak saihesteko. Horregatik teletipoa erabiltzea erabaki zuten.
Kazetariek jarri zioten Telefono Gorria izena, baina ez zen sekula telefono bat izan. Komunikazio telefonikoa arriskutsua zela erabaki zuten. Idatzizko komunikazioak hotzago jokatzeko aukera emango zuen
Linea hura ez zen erabat zuzena: mezuak Washingtonetik abiatu eta Londres, Kopenhage, Stockholm eta Helsinkitik pasatzen ziren Moskura iritsi baino lehen. Baina ordurarteko bideekin alderatuta, “geldialdi” kopurua asko murriztu zen eta, beraz, mezua beste norbaitek atzemateko arriskua ere bai. Telefono Gorriaren bidezko mezuk ere zifratuta bidaltzen zituzten, baina aurreko kodifikazio konplexuak ez ziren beharrezkoak.
1971n satelite bidez komunikatzen hasi ziren, 1985an faxa erabiltzen hasi ziren eta egun emaila da Telefono Gorria; baina azken urtetan, indarrean egon arren, ez omen dute erabili, esaterako, Errusiak Ukraina erasotu zuenean.
Lehenengoz Kennedyren hilketaren berri emateko erabili zuten Telefono Gorria, 1963ko azaroan bertan. Baina lehenago proba bat ere egin zuten. Hauxe izan zen Washingtonek Moskura bidalitako lehen mezua: “The quick brown fox jumped over the lazy dog’s back 1234567890”. Alegia, “Azeri arre azkarrak txakur nagiaren bizkarrera jauzi egin zuen”, Hainbatek esaldiaren atzean mezu sekretu enigmatikoa ikusi nahi izan dute, baina azalpena askoz sinpleagoa da. Linea probatzen ari ziren teknikariek teletipoaren tekla guztiak ondo zebiltzala egiaztatu nahi zuten. Besterik gabe, alfabetoa ordenan jar zezaketen, amaieran zenbakiekin egin bezala, baina, jostari zeuden nonbait, eta alfabetoko letra guztiak jasoko zituen esaldi inozo bat asmatzea bururatu zitzaien.
Mundua dardarka zegoen, gerra nuklearraren beldur, eta Telefono Gorriaren arduradunek umore apur bat jartzea erabaki zuten. Sobietarrek Moskuko arratseko zeruaren deskribapen poetiko batekin erantzun zuten.