Leku zalantzagarri, eztabaidagarri, horietan ibiltzea egokitu zaizu, tokatu zaizu isil-isilik egotea, oin puntetan egotea "zerbait" irabazteko, aukeratxoak aprobetxatu behar dituzu, bestela ez baitago etorkizunik. Sinesten duzu ari zarela, eta astiro-astiro hasi betetzen laukiak, galdetegiak, itxaropenak, dena ez dago galduta, segi, segi eta ez duzu amorerik ematen, ez duzu askatzen zure bizitzan asmorik, kontrakoa, gogor heltzen diezu amildegian ez erortzeko, ez zaudelako etxean, inork ez zaituelako eutsiko lurraren kontra sekulako zartakoa hartzen baduzu. Horrela jarraitzen duzu, ez duzu beste biderik. Aurrera, aurrera esaten diozu zeure buruari, lortuko duzu, dena ongi aterako da, zure ibilbidea egiten ari zara, "sortuz eta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe". Den-dena egiten duzu, dena ematen duzu, "Waiting for the miracle", hala ere ez. Ia-ia, baina ez. Ez zara ailegatzen, "hurrengorako, eskerrik asko, zurea bai meritua!" esaten dizute, baina… ez. Bitartean, zeure baitan pentsatzen duzu "kaka zaharra!". Zerbait gaizki egin dut, nire jarrera izango da, beno, lasai, ez da zuretzat, zurea ailegatuko da, fidatu.
Herri guztietan gertatzen da, botere ekonomikoa, politikoa eta kulturala oso zentralizatuta daude, nahiz eta euskalduna zaren, ez zara ailegatzen lehen mailako euskaldun izatera
Orduan errealiteak masailekotxoa ematen dizu, duela urte batzuk sumatzen zenituen gauzak pilatu zaizkizu burura, errurik gabe; argi ikusten duzu, euskal kulturan ere bada hegemoniarik eta hori zama egiten zaizu. Baina ez da berria, badakizu, ze inozoa izan zaren! Zerk eramaten zaitu hori pensatzera, alegia, hemen beste errealitate bat posible izango litzatekeela uste izatera? Herri guztietan gertatzen da, botere ekonomikoa, politikoa eta kulturala oso zentralizatuta daude, nahiz eta euskalduna zaren, ez zara ailegatzen lehen mailako euskaldun izatera, ezta pentsatu ere. Ea bigarren mailako euskalduna… bai zera! Hirugarren mailako euskalduna naiz ni? Eta orduan, eskolan bezala sentitzen zara, irakasleak "justu-justu gainditu duzu, baina hurrengorako…" esaten zizunean bezala. Eta zu periferian zaude zutik, izerditan borrokatzen, eta hala ere irribarre gozoa egiten duzu, deus gertatuko ez balitz bezala.
Zure intimitatean, lur jota, egoerak errepasatzen dituzu, eta bat-batean sortzen zaizkizu buruan galderak, hutsik zaude, ezin duzu gehiago, zeure buruari galdetzen diozu zer zentzu duen zure bizitzak ez baduzu sortzen, ez badituzu zure kreatibitatea eta gaitasunak garatzen, ez bazara izaten. Eta meditatzen duzu egunez eta gauez, arnasa hartzen duzu, otoitz egiten duzu, denetarik egiten duzu, baina ez da nahikoa. Egiten dituzun ahaleginak ez dira nahikoak, ez zara nahikoa engranaje honetan, ez zara emankorra sistemarako.