argia.eus
INPRIMATU
Urrun dago… Sudan
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2023ko maiatzaren 10a

Sudango gerrak milaka errefuxiatu eragin ditu; horien bila ez da inor joango, Europak ez du artatzeko dispositibo berezirik abiatuko, ezta korridore segururik zabalduko ere. Gerra Afrikan gertatzen ari da, eta NBEren arabera sortu dituen 800.000 errefuxiatuak inguruko herrietan jaso dira, eta ondorioz, horietan dagoen larrialdi-egoera areagotu da. Sudandik eta hedabideetan dagoeneko ahaztuta dauden beste gatazketatik ihes egiten dutenei gehitu behar zaizkie gerra horiek eragiten dituzten ekonomia-krisietatik eta ingurune-larrialdeetatik ihes egiten dutenak. Gehienak bertan geratuko dira, etorkizuneko itxaropenik gabe. Batzuk Europara heltzen saiatuko dira, edo bidean hil. Ohitu gara. Beren begirada beltzek ez gaituzte hunkitzen pantaila batetik, ukrainar argienek beste, behintzat.

Orain, udal, aldundi eta foru gobernuko hauteskundeak ditugu. Migrazio-politikak estatuen eskumenak direla argudiatuko dute, ezer egiten ez delako aitzakia hipokrita gisa. Izango dira segurtasunarekin lotzera ausartuko direnak, neurri hertsatzaileak saltzeko. Gehienek, berriz, ez dute ikusiko, total, ezin dute bozkarik eman… Eta Afrika oso urruti dago.