argia.eus
INPRIMATU
Henry Forden utopia, besteen distopia
  • Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko maiatzaren 09a
Fordlandiako kautxu fabrikako eraikin nagusietako bat eta ur biltegia, gaur egun. Argazkia: Amit Evron.
Fordlandiako kautxu fabrikako eraikin nagusietako bat eta ur biltegia, gaur egun. Argazkia: Amit Evron.

Henry Forden (1863-1947) asmoa kautxua ekoiztea zen, bere autoen gurpiletan erabili ahal izateko; ordura arte, kautxu ekoizpenaren monopolioa britainiarren eta herbeheretarren esku baitzegoen. Baina, bide batez, plantazioan eta fabrikan jardungo zuten 3.000 langileentzako herri utopikoa eraiki zuten, eta AEBetako ohiko etxetxo familiabakar zuriz josi zuten oihanari lapurtutako eremua; edozein herrialdetako langile pobreen ametsa baita AEBetako langile pobreen bizimodua izatea. Eliza, ospitalea, dantzalekua eta igerilekua ere eraiki zituzten, baita AEBetako paisaia tipikoan agertu ohi diren ur biltegi distiratsu horietako bat ere. Eta ugazaba estatubatuarrentzat auzo berezi bat egin zuten, luxuzkoagoa, desberdinkeria “amets amerikarraren” funtsezko osagaia baita.

Brasildar langileek estatubatuar zintzoak bailiran jokatu zezaten, Fordek herriaren eremuan erretzea eta alkohola edatea debekatu zuen, baita futbolean aritzea ere –jakina, haiek soccer esaten dioten kirola zen debekatu zutena, ez estatubatuarren “benetako” futbola–. Gainera, arauak betetzen zirela ziurtatzeko, ugazabek langileen etxeak nahieran miatzeko baimena zuten. 9:00etatik 17:00ak arteko ohiko ordutegia ezarri zieten; langileek esan zuten egunsentian eta iluntzean lan egin ohi zutela, eguerdian, eguzki galdatan jarduterik ez zegoela, baina ez zieten jaramonik egin.

Estatubatuar janaria ere inposatu zieten Fordlandiako biztanleei. Gustuaz eta ohiturez haratago, dieta estatubatuarrak urdaileko arazoak eragiten zituen oihan tropikalean

Estatubatuar janaria ere inposatu zieten Fordlandiako biztanleei. Gustuaz eta ohiturez haratago, dieta estatubatuarrak urdaileko arazoak eragiten zituen oihan tropikalean eta, hala, 1930ean hainbat langile matxinatu ziren fabrikako jangelan. Ugazabek oihanera ihes egin behar izan zuten, Brasilgo Armadak matxinada itzali zuen arte. Eta langileak lanera itzuli ziren… ezer gutxi produzitzeko.

Soildutako lursail heze eta malkarrak ederki ezagutzen zituzten profesionalak baztertuz, Ford konpainiako ingeniariek antolatu zuten kautxu plantazioa. Baldintza horietan hiruzpalau zuhaitz ondo hazteko eremuan 80 zuhaitz inguru sartzea erabaki zuten, ekoizpena handitzeko. Baina hezetasunak eta kontzentrazioak eraginda, izurriek jan zuten ekoizpena. Erabateko porrota onartuta, Fordek 1934an guztiz abandonatu zuen Fordlandia, eta proiektua handik 40 kilometrora, Belterran, berrabiarazi zuen; kautxu sintetikoak ekarriko zuen bigarren saiakera hura ere bertan behera uztea.

Fordlandian ekoiztutako kautxu gramo bakar bat ere ez zen iritsi Ford auto baten parte izatera. Eta Henry Fordek berak ere ez zuen sekula amestutako herri idilikoa zapaldu, beste fobia askoren artean, germenei ere fobia bizia baitzien.