“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

  • Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza unibertsitate izan zen harentzat, eta 54 urtetan 100 obra inguru sortu arren, ez da nekatu: "Eskultura jolasa da". Alabaina, instituzioen laguntzarik ezean, museoak desagertzearen arriskuaz mintzo da.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azken mohikanoa ez, baina "azken agota" bai, akaso?
Harro nago agot izateaz, ederra da. 2019an aurkeztu genuen El orgullo de ser agote ("Agot izatearen harrotasuna") liburua, eta bertan azaldu genuen doktore tesia, agoten ideologia, lanak zein historiako gertaerak. Eta hemen jarraitzen dugu.

Zer nolakoa da 2023an agot izatea?
Agotek egurrarekin garraioak, armak eta bestelakoak egiten zituzten. Egurraren gremio edo kolektiboa da agotena. Lehen dokumentuak 626 urtean agertu ziren Paue inguruan. Historia izugarria da: 1213an inkisiziotik ihes egin genuen, ordurako kolektiboa ginen. Erromanikoan harginak ziren kolektibo ospetsuena, baina gotikoan egurgileak ziren estruktura guztiak forratzeko gai. Parisen zortzi katedral egin zituzten agotek, tartean Notre Damekoa. Herri txikietan elizan sartzea ere debekatu ziguten, pentsa!

Mende erdi daramazu eskulturak egiten.
Ideietatik hasten naiz formak egiten. Gernika, Ukrainako gerra… Salaketak dira batzuk eta aitortzak besteak. Historian sakonduz nortasuna eman nahi diot eskulturari. 50 urte ingurutan egindako lanak nire museoetan ditut. Nire aita tailagilea zen, eta aitatxi zurgilea. Egurra beti egon da gure etxean, beraz. Soldaduska ostean hasi nintzen eskulturgintzan, 1969an. Jorge Oteiza oso laguna izan nuen, eta alarguntzean nire etxean geratu zen. Nire lanak ikusi nahi zituen, eta bere laguntza psikologikoak asko lagundu zidan: unibertsitatea izan zen niretzat.

Baztango museoan eskultura erraldoiak ditut, burdinezkoak, brontzezkoak, egurrezkoak eta hormigoizkoak, besteak beste. Museo horretan ez ezik, Borda museoan zein Artziniegan ere baditut beste asko. Vatikanoan badut pieza bat, Aita Santuari Azpeitiko Udalak emandakoa. Baina 100 piezatik, 97-98 nik ditut hemen jasoak. Pasio handiz bizi dut hau guztia.

Argazkia: Izar Mendiguren Cosgaya

Emakumeen buru eskulturak egiten zabiltza orain. Aitortza eta presentzia faltagatik, akaso?
Euskal Herria beti izan da matriarkatua. Gure amonak administrazioa, edukazioa eta errespetua erakutsi zigun. Hamar bat buru eskultura ditut eginda jada: Elbira Zipitria (lehen euskal andereñoa), La Pola (Policarpa Salabarrieta, Kolonbian tiroz eraila), Graxiana Barrenetxea (Zugarramurdin erre zutena, sorgina zela leporatuta), Polixene Astrabudua, Dolores Ibarruri, Katalina Erauso… Orain, Toti Martinez de Lezea egiten ari naiz, eta hurrengoak nire bi amonak izango dira. Lehen, gizonezkoen buruak egiten nituen: Oteiza, Unamuno, nire aitatxi… Zortzi egin nituen, baina emakumeak egitea erabaki nuen gerora. Gure herria matriarkalista da, eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei.

Euskal mitologiak gorpuzten du 32.000 metroko Bozateko museo parkea.
Anbotoko Mari, Mikelats, Galtzagorri, Gaueko, Lamiputzu… Ipuinak dira denak, eta gure sinesmenak ekarri ditut. Jendearekin piezak eta esanahia partekatzean dago jokoa, artea ulertzean.

Arte bidezko historia entziklopedia da zurea, eskulturen labirinto bat.
Meditaziorik gabe ez dago aurrera egiterik, pentsatu egin behar da. Hiru-lau hilabeteko lana da buru eskultura bakoitza egitea, baina bestelako gauzak ere egiten ditut tailerrean, buztinarekin eta egurrarekin. Txandakatzen joaten naiz astegunaren arabera.

"Eskultore asko daude Euskal Herrian, baina laguntza ekonomikoak falta dira"

Nola ikusten duzu egurgintzaren edota eskulturgintzaren egoera?
Eskultore asko daude Euskal Herrian, baina laguntza ekonomikoak falta dira. Oteizak zioen museo sarea egingo zela Euskal Herrian, eta munduko lehen postuetan egongo ginela. Nik hitza hartu nion. Zer gertatzen da? Laguntzak behar direla. Oso lan astun eta zikina da, eta instituzioek lagundu gabe pobrezia handia da. Instituzioak egon arren zenbateko kostua dute Guggenheimek, Tabakalerak, Artiumek…? Eta bertako artisten laguntzek?

Hitzarmenak beharrezkoak dira, bestela museoak itxi eta ardiak sartuko ditugu bordan.

Beraz, Euskal Herrian artista asko daude, baina museo eta laguntza gutxi?
Burdinarekin aritzen diren artista gehiago daude, baina egur eskulturgintzan gutxi gabiltza, oso gutxi. Euskal Herrian, hasieran, familia guztietan eskultoreren bat zegoen, baina gaur egun ez. Zaila da eskultore gisa bizitzea. Obra bikainak daude, baina derrigorrezkoak dira laguntzak.

Zenbat buru, hainbat aburu. Etorkizunari begira, zer duzu buruan?
Lanean jarraitzea, baina ez dut jada tokirik hemen, eta arazoa da hori: Bozateko parkeetan zein Artziniegan ez dut eskulturentzat lekurik jada [barre egin du].

Hiru museotan, 100 obra

“1998an ireki genuen Bozateko lehenbiziko museoa, Baztanen, eta bigarrena 2003an. Agoten historia eta Euskal Herriko mitologia erakusten dugu, hemengo sinesmen guztiak. Erreka bazterrean dago museoa, leku zoragarrian. Artziniegakoa, berriz, tailer museoa da; beste filosofia bat dauka. Zirriborroetatik piezak bukatzerainoko bidea azaltzen dugu han, gure jolasa eta arnasa dena. Adin guztietako pertsonak etortzen dira. Behin, Artziniegan, Gallartako 5 urteko umeek, tailer-bisitan, sekulako piezak egin zituzten burdinarekin! Oteizak zioen 5-10 urtekoek jenioen mentalitatea dutela, konplexurik gabea, eta bat nator adiera horrekin. Horrelako gauzak erakusten ditugu hemen: museoak ez dira ikusteko, bizitzeko baizik. Eskultura jolasa da".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Koldobika Jauregi eskultorea zendu da, 64 urterekin

Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin... [+]


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-02-20 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Ertibil 22

Arte-lehiaketen aurrean hainbat kontraesan sortzen zaizkit. Alde batetik, artistak eta artelanak lehiakortasunaren dinamikaren barruan kokatzen dituzte, artearen izaera eraldatzaile eta kolektiboa alde batera utziz eta logika merkantilisten barruan kokatuz; baina ezin uka,... [+]


Pentsatzeko leku bat

Jorge Oteizak 1957. urtean erabaki zuen praktika eskultorikoa albo batera uztea eta artistaren egiteko sozialaren eta politikoaren jardunari ekitea, besteak beste, arte-irakaskuntza berritzeko premia eta artearen funtzio sozialaren aitortza aldarrikatuz. Pentsatzeko leku bat... [+]


2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


2021-09-20 | ARGIA
Fiskaltzak artxibatu egin du LABek Hondalea artelana eraikitzeko kontratazioez jarritako salaketa

LAB sindikatuak Donostiako Udalaren aurka salaketa jarria zuen, Santa Klara uharteko itsasargian Hondalea eskultura lanerako kontratazioari lotuta. Sindikatuak irregulartasunak salatu zituen. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak ez du... [+]


2021-09-15 | Unai Brea
Ana Laura Aláez. Artista
“Gizartea tematzen da arteak berehalako eragina izan dezan, eta ez da hala”

“Estetika erradikaleko” eskultorea, dio Wikipediak. Izan ere, Ana Laura Aláezek (Bilbo, 1964) ezohiko materialak eta ikuspuntuak erabiltzen ditu bere lanean. Hilaren 26ra arte du ikusgai, Bilboko Azkuna Zentroan, “Todos los conciertos, todas las noches,... [+]


2021-09-09 | Reyes Ilintxeta
“Hemen artisauei prezioa jaisteko eskatzeko ohitura dugu, baina ez Iberdrolari”

Ura eta minerala garela dioen artisaua eta artista da. Artistentzat artisauegia eta artisauentzat artistegia. Hurbiltasuna eta babesa  sumatzen ditu harrien artean, kobazuloan bezala. Hargintza garaikidea egiten du. Aldi berean, praktikoak eta erabilgarriak diren artelanak... [+]


2021-07-18 | Peru Iparragirre
Hondalea
Hustutako itsasargi bat turismoari

Ekainaren hasieran zabaldu zuten Santa Klara uharteko (Donostia, Gipuzkoa) itsasargi zaharberrituaren atea. Barruan, Cristina Iglesias artista donostiarraren eskultura: Hondalea. Denbora gutxian agortu ziren artelana ikusi ahal izateko txartelak, museoaren eta eskultura... [+]


Eguneraketa berriak daude