argia.eus
INPRIMATU
Ozeanoa Oñatira heldu da
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko maiatzaren 03a
'Pills for horses' | Ramada inn | Autoekoizpena, 2022
'Pills for horses' | Ramada inn | Autoekoizpena, 2022

Dagoeneko badira urte dezente Sharon Stoner eta Zingira taldeetako Iñigo Ibarrondori adarra jotzen niola esanez oñatiarrek Araotzen edo Sandailin nonbait aurkitzen zutela AEBetako usaina eta inspirazioa. Bada, iturri hori nabarmen areagotuz doa aspaldian, eta zer esanik ez honako diskoa esku artean hartuta.

Deskubritu berri dut taldea Oñatiko laukoteak haien herriko Gaztelekuan aspaldiko partez egin duen zuzenekoan eta zur eta lur utzi naute: kantuek, presentziak, soinuak, dotoreziak… Guztia erabat zainduta, eta gainera egiazkoa. Abesti bizienetan Thin Lizzyren irmotasuna soinean, eta lasaiagoetan Dylan elektrikoaren tenpoa!

Erruaren zati handi bat Juan Vallsena da, ozeano bestaldeko musika kulturan erabat jantzia, gai dena hango esentzia ekarri eta bere kontakizun bisualekin ederto janzteko eta bere egiteko. Gaztea bada ere, luzaroan dihardu kantuak idazten eta interpretatzen Euskal Herrian, Eskozian… ahal duen lekuan; eta pandemia aurretik geltoki finko ez baina norabide zehatza duen proiektu hau jarri zuen martxan. Zenbait partaide aldaketa, pandemia eta bestelako medio, Pill for horses da haien lana, eta honakoa luxuzko formazioa: Ander Etxaniz baxuan (Lenao), Mikel Marco baterian (Herstura), Iñigo Ugarte gitarra (Malenkonia, Unnea, Lenao, Iker Mtnez & Zaldi Herrenak) eta Juan Valls ahots eta gitarran. Diskoan, gainera, Alvaro Turrionek (Supersweet, Lie Detectors) teklatuak gehitu ditu. Garate estudioan grabatu dute Iñaki Zubiarekin, eta Jonan Ordorikak Mamia estudioan masterizatu du.

Diskoa osatzen duten zortzi abestiak beste lurralde eta garai batera bidaiak dira, dotoreak eta ñabarduraz beteak. Valls-ek ingelesez abesteko duen dikzio sinesgarri eta Dylan-en antzeko "sudur-ahotsaz" lagunduta kontakizunak musika kultura amerikarraren erreferentziaz josita daude, eta haien jantziak badira Tom Petty, The Van, Dylan, Neil Young eta enparauen jostun parekoenak, oñatiarren ekarpen finekin; batzuk xuxurlatuak, beste batzuk gitarreroagoak, baladak, country zein erdi-tenpoekin.