“Landareen erabileraren inguruko kultura sortzen ari da”

  • Jaio zenetik landareekin harreman estua izan du Laura Gurbindo naturopatak (Iruñea, 1962). Familiari esker ezagutu ditu sendabelarrak, eta horiei esker bizi da, literalki, baina horiei esker bizi da haien inguruan eratu baitu ofizioa. Sendabelarrak identifikatzeko eta erabilera ezagutzeko ikastaroak ematen ditu. Tentuz ibiltzeko gomendioa eman du, hainbat sendabelar toxikoak direlako. Horrez gain, medikuntza naturala geroz eta gehiago erabiltzen dela uste du: “Kontsultara doan jende askok botikez gain landareak hartzen dituztenez, medikuek geroz eta gehiago jakin nahi dute landareen inguruan”.

“Gure amonek sendabelarrak erabiltzen zituzten, baina hurrengo bi belaunaldiek hori galdu dute. Gaur egun galdutakoa berreskuratzen ari gara”. (Argazkia: Josu Santesteban)
“Gure amonek sendabelarrak erabiltzen zituzten, baina hurrengo bi belaunaldiek hori galdu dute. Gaur egun galdutakoa berreskuratzen ari gara”. (Argazkia: Josu Santesteban)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Sendabelarrak loratzen ari dira orain, udaberrian. Nora jo beharko genuke?
Ezagutza garatzeko edozein leku da ona. Nafarroan ekosistema asko ditugu kilometro gutxitan, eta 200 espezie baino gehiago aurki ditzakegu. Hortaz, ikusi, ezagutu eta aukeratzeko nahi adina dago, baina sendabelarrak jasotzeko leku garbiak aurkitzea beste kontu bat da. Errepideetatik urrun, fumigatu gabeko zelaietan, poligono industrialetatik aldenduta eta hirietatik kanpo dauden lekuetara joan beharko genuke. Bestela, beste aukera da labore ekologikoa egitea.

Labore ekologikoa egiten duzu?
Ez, nik ez. Sendabelar gutxi behar izaten ditudanez, landare basatiak jasotzen ditut.

Aditua zara sendabelarretan, irakaslea ere bai. Espezieak identifikatzeko ibilaldiak egiten dituzu. Nolakoak dira?
Eguraldi ona egiten badu landare bila goaz. Zonaldea garbia bada eta garbi aurkitzen badugu, sendabelarrak hartu daitezke erabiltzeko; bestela, ezagutza garatu eta herbarioan jartzeko hartu daitezke. Propietateak, erabilerak, kontraindikazioak eta dosifikazioa ere azaltzen ditut.

Sendabelarrek osasuna kaltetu ere egin dezakete?
Pozoitzeko asmoa baduzu, horretara bazoaz, pozoitu zaitezke; baina ez da perretxikoekin bezain erraza. Perretxikoen kasuan, jendeak eskura duena hartu ohi du, liburuan kontsultarik egin gabe. Badago jendea nahita intoxikatu nahi duena, eta beste batzuk nahi gabe egiten dute.

(Argazkia: Josu Santesteban)

Nahita diozu, drogatzen saiatzen direlako?
Bai, eta zoritxarrez ondorio larriak izan ditu horrek. Askok kartzelan edo psikiatrikoetan amaitu dute. Zorionez, ordea, gero eta jende gehiago dago erabilera egokia egin nahi duena.

Hortaz, desinformazioak erabilera txarra eragin dezake?
Bai, baina desinformazioa sistemaren arazo bat da. Landare bat ez badago erregistratuta saltzen duzunean, ezin diozu prospektua gehitu, ezin duzu azaldu zenbat erabili behar den, eta zerekin nahastu daitekeen eta zerekin ez. Oso sendabelar gutxi daude erregistratuta, oso garestia da, eta dirua daukaten laborategi handiek ez dute interes handirik. Ikertuta badago, jakin dezakezu ea landare jakin bat hartu daitekeen botika kimiko bat hartzen ari bazara. Alderantziz ere gertatzen da: batzuetan ona da zenbait belar hartzea botika batzuen toxikoak kanporatzeko.

"Pozoitzeko asmoa baduzu, horretara bazoaz, pozoitu zaitezke; baina ez da perretxikoekin bezain erraza"

Botika naturalak eta kimikoak uztartu beharra dago?
Bai, biei tiraka jarraitu behar dugu. Landareekin ez dugu nahi beste lortzen, asko ikasi behar dugulako oraindik, baina botikek ere ez dituzte beharrak erabat asetzen. Esaterako, urtero kentzen dituzte botika batzuk ondorio kaltegarriak dituztelako; agian, biak uztartuta, lortu daiteke emaitza optimoago bat.

Osasun arloko langileen partetik sendabelarrekiko interesa dagoela uste duzu?
Kontsultara doan jende askok, gaur egun, botikez gain landareak hartzen ditu, eta horregatik medikuek geroz eta gehiago jakin nahi dute landareen inguruan. Medikuek landareak ere gomendatzen dituzte; lehen esaten zen medikuak landareen kontra zeudela, baina hori aspaldiko kontua da.

Naturopatia zer den azaltzeko beharra sentitzen duzu?
Gutxiago azaldu eta gehiago sentitu behar da. Ez da hainbeste arreta jarri behar medikuntza naturalaren esanahian, baizik eta jendea gehiago hurbildu behar dugu naturara, bere burua ezagutzeko eta erritmoa berreskuratzeko.

"Jendea duela 30 urte baino irekiagoa da. Lehen infusio gutxi batzuk zeuden tabernetan"

Zer nolako ibilbide historikoa izan dute sendabelarrek?
Lehen ez zegoen beste gauzarik, jendea herrietan bizi zen eta landareak gertu zituen. Baina, orain, jendea hirian bizi da eta pare bat belaunaldik landareekiko harremana galdu dute. Gure amonek sendabelarrak erabiltzen zituzten, baina hurrengo bi belaunaldiek hori galdu dute. Gaur egun galdutako hori berreskuratzen ari gara, baina asko falta zaigu ikasteko eta ikertzeko. Ezagutzen ez ditugun landare asko daude.

Erabilera ere handitzen ari da?
Jendea duela 30 urte baino irekiagoa da. Lehen infusio gutxi batzuk zeuden tabernetan; menda, kamamila eta gutxi gehiago. Orain, dozena bat infusio daude. Horrek esan nahi du landareen erabileraren inguruko kultura sortzen ari dela. Batez ere emakumeon artean, infusioak hartzen ditugun %90 inguru emakumeak garelako.

Landareen inguruko jakintza zabaldu dutenak emakumeak izan dira?
Bai, urte luzez emakumeak izan direlako zaintzaz arduratu direnak. Gizonak poliki-poliki zaintzaren banaketan sartzen ari dira, kostata. Gizartea aldatu den arren, gehiago aldatu behar da.

Landareen bueltan

“Txikitatik erabiltzen genituen landareak etxean, eta hazten joan naizen heinean gehiago ikasteko grina izan dut. Gaztetatik zenbait heriotza bizi izan ditut gertutik, gaixotasun asko egon direlako nire inguruan; modu batean, osasunaren gaiak beti eragin dit. Horregatik hasi nintzen senideekin ikasten, eta gero ikastaroak egiten. Gainera, txikitan landare batek bizitza salbatu zidan kukutxeztularengatik hilzorian nengoenean. Medikuak ez zuen aterabiderik ikusten. Zorionez, orain, horri esker matraka ematen ari naiz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-11-18 | Jakoba Errekondo
Sagarren istorioak

192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.


2024-11-18 | Garazi Zabaleta
Bizi Baratzea
Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.


2024-11-18 | Nagore Zaldua
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere

Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


2024-11-11 | Garazi Zabaleta
Kosmetikoak sendabelarrekin
Kosmetika industrialaren aurrean, egin ezazu zuk zeuk

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua argitaratu berri du ARGIArekin. "Egin ezazu zuk zeuk" filosofia kosmetikoen mundura ekarrita, egunerokoan behar diren produktuak egiteko liburu teoriko-praktikoa da. Eskuragarri dago azoka.argia.eus webgunean.


2024-11-11 | Jakoba Errekondo
108 orkidea euskaldun

Gero eta gehiago ikusten dira orkideak gure etxe barruetan. Bulego, denda, ile apaindegi, non ez daude landare edergarri horiek?


2024-11-11 | Irati Diez Virto
Itsasoko erraldoi nekaezina

Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean, eta zerutik kurriloak hegan pasatzen diren bitartean, itsasotik zerea doa, ur epelagotara... [+]


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-04 | Garazi Zabaleta
Mimogoxo
Edertasuna baino osasuna helburu duen proiektua Ezkion

Naturopatiaren eta iridiologiaren mundutik iritsi zen Eztizen Agirresarobe Pineda ezkiotarra kosmetika naturalaren mundura: “Hirugarren urtea dut naturopatia eta iridiologia ikasketetan, baina lehenagotik ere egiten nituen ukenduak, kakaoak, eta antzekoak”, azaldu... [+]


2024-11-04 | Jakoba Errekondo
Eguzki-lore meteorologoa

Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan. Bertan ezin biziraunari eutsi eta basoak ere txil egin eta urrun-urrunera... [+]


Sardina europarra
Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.


Birika-belarra

Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua... [+]


2024-10-28 | ARGIA
Hazi ekologikoak jaso dituzte Amillubi proiektuan eta liburua aurkeztu dute

Urriaren 26an Amillubi kolektibizatutako lurretan auzolana eta Haziak liburuaren aurkezpena egin dituzte. Zestoako Portale Kultur Elkarteak eta Amillubi proiektuak elkarrekin antolatu dute ekitaldia.


Usapal europarra
Pase garaiko protagonista

Ürx’aphal bat badügü
herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü
kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz
beit’izan ützirik:
Kuntsola ezazie,
ziek adixkidik.


2024-10-28 | Garazi Zabaleta
Artotxiki
Artobeltza, artatxikia, kinoa eta produktu beganoak Lizarraldean

Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]


Eguneraketa berriak daude