argia.eus
INPRIMATU
Erromatar dodekaedroa eta detektoristak
  • Erromatar Inperioa, K.o. II. eta III. mendea. Erromatarrek dodekaedroak egin eta erabili zituzten, hamabi pentagonoz osatutako metalezko objektu txikiak, hainbat tamainako zuloak dituztenak.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko maiatzaren 03a
Dodekaedroa. Argazkia: Artokoloro

Ez dakigu zertarako erabiltzen zituzten dodekaedroak; testuetan ez da haien aipamenik egiten, baina ez dakigu erromatarrek nola esaten zieten, dodekaedro izena bere formak eman baitio berriki. Hainbat hipotesi egin dituzte adituek: eskularruak josteko gailuak zirela, argimutil modura edo hodiak kalibratzeko erabiltzen zituztela, objektu apaingarri hutsak zirela… 2012an Turingo Unibertsitateko ikerlari Amelia Carolina Sparavignak beste teoria bat argitaratu zuen: dodekaedroak distantzia neurtzeko erabiltzen zituztela. Dodekaedro gehienak inperioaren kanpoaldeko mugetan aurkitu dituzte, egungo Galesen, Hungarian, Belgikan… eta bereziki Frantzian eta Alemanian. Sparavignaren arabera, neurgailuak beharrezkoagoak ziren lurralde berrietan ingeniaritza obrak egiteko eta kartografiatzeko, metropolian baino.

Baina Sparavignarena edo beste hipotesiren bat egiaztatzea oso zaila izango da. Dodekaedroak dituzten museoetara joaz ikusten da pieza gehienen jatorria ez dela batere argia. Herrialdeaz edo eskualdeaz harago, gutxitan zehazten da non aurkitu dituzten, datazio zehatzak ere urriak dira eta bildumagile pribatuen bidez iritsi ohi dira museoetara. Hau da, dodekaedroak ez dituzte indusketa arkeologikoetan aurkitu, detektoristek baizik.

Metal-detektagailuak geroz eta eskuragarriago daudenez, eta azken aldian zenbait detektoristek sare sozialetan “aurkikuntzak” nola egiten eta monetizatzen dituzten harro erakusten dutenez, gaitza hedatzen ari da

Arkeologoak edo espoliatzaileak?

Metal detektagailuak erabiliz “galdutako objektuak aurkitzen” dituztenei deritze detektorista. Definizio hori zuzena izan daiteke, esaterako, hondartzetan jendeak galdu berri dituen objektuen bila dabiltzanentzat. Baina beren burua arkeologia zaletzat duten asko detektorista espoliatzaileak dira. Ez dituzte objektuak aurkitzen, bilatu egiten dituzte. Eta objektu horiek ez zeuden galduta, bere testuinguruan gordeta zeuden, informazio baliagarriz inguratuta, eta testuinguru horretatik erauzita, betiko galtzen dute benetako balioa; pieza horien balio arkeologiko eta historikoa askoz handiagoa da, detektoristek jasotzen duten ordain materiala baino.

Metal-detektagailuak geroz eta eskuragarriago daudenez, eta azken aldian zenbait detektoristek sare sozialetan “aurkikuntzak” nola egiten eta monetizatzen dituzten harro erakusten dutenez, gaitza hedatzen ari da. Duela hilabete, Mexikoko El Universal egunkariak argitaratu zuen jarduera han ere bizkor zabaltzen ari dela, Europatik doazen turista espoliatzaileen nahiz bertako detektorista berrien eskutik.

Mexikon bezala, ia Europa osoan gune natural, arkeologiko eta historikoetan detektagailuak erabiltzea legez debekatuta dago, ñabardurak ñabardura. Baina maiz guneen izendatze ofizialek luze jotzen dute eta, horrez gain, aztarnategi asko toki bakartuetan daudenez, ezinezkoa da horiek uneoro zaintzea. Esaterako, iaz Araban eta Burgosen jarduten zuten bi detektoristari ehun bat objektu atzeman zizkieten; horietatik dozena bat antzinako txanponak ziren, eta beste dozena inguru, testuingururik gabe ziurrenik aztertu eta identifikatu ezingo diren pieza historikoen zatiak.

Arkeologoen ustez, legeak lege, gakoa heziketan dago: balio historikoa duten objektuak ez dira bilatu behar, eta oharkabean aurkituz gero, ez dira ukitu edo mugitu behar, eta erakundeei jakinarazi behar zaie.

Pentsa zer gertatuko litzatekeen Irulegiko eskua detektoristek “aurkitu” izan balute. Eta pentsa zenbat dodekaedro eta zenbat esku galtzen ari diren betiko.