argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Eskumenak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko apirilaren 25a

Buletin autonomikoa ikusten ari nintzen (idatzi, eta berehala damutu naiz purrustadaz, albistegian lan egiten duen kazetari bikain zenbait buruan, baina berriro haserretu, eta pasa zait damua): EAJri buruz ari ziren. Kontra eta alde botatu omen zuen Espainiako Kongresuan. Hala ere, berez, kontra eta kontra botatu zuen. Etxebizitza legearen aurka, eskumenak direla-eta (eskumenak dira independentzia grinak bideratzeko tekla emozionala); Sexu Askatasuna bermatzeko legearen kontra.

Lege horrek onespena jarri zuen tipifikazioen erdigunean. Onartu ez bagenuen, bortxaketa zen. Indarkeria eta intimidazioa dira, orain, berriro, erdigune. Erraien memoria nolakoa den, 2016ra joan zait antsietatea (albistea bilatu behar izan dut, iaz izan zela baieztatzeko gai nintzateke bestela). Bikote batek sexu harremanak eduki omen zituen Bartzelonako metroan, eta bikotearen bila omen zebiltzan, isuna jarri behar zitzaielako. Bideoa oraindik ikus dezakezu (ahal, zure psikopatiak uzten dizun neurrian), ez Deep Web-ean, telebista kateen webguneetan baizik. Ez zegoen indarkeriarik, ez zegoen intimidaziorik: nik ezin izan dut bideoa ikusi, ez baitut sexu harremanik ikusten, bortxaketa bat ikusten baitut. Ez dago onespenik burua eutsi behar zaion neska batean, gero janzteko ere gai ez den pertsona batean.

Podemoseko Irene Montero eta Ione Belarra erridikulu agertu dizkigute, Kongresuan bakarrik, histerika, egoskortuta, EHBildu eta ERCrekin batera (alderdi heldugabeak dudarik gabe). Zentzuzko neurgailuetara itzuli gara berriro, gizonek, eskuinak, EAJk ulertzeko modukoak; dirudienez, galdu egiten baitira gure onespenaren labirintoan. Nik badakit Bartzelonako metroan bikoteak bortxatu zuela neska bat. Badakit, oraindik, efikazagoa izango dela sikario bat kontratatzea justiziara jotzea baino, bortxatu nautela onar dadin nahi badut. Maiatzean dira udal hauteskundeak. Defenda ditzagun gure eskumenak.