Gustavo Antépara PPko zinegotzi izan da Gasteizko Udalean, eta 2015etik hiriaren hirigintza zuzentzen duen 21 Zabalgune sozietate publikoko administrazio kontseiluko kide da. Nola baloratzen duzue horrelako ardurak dituen pertsona batek legez kanpoko pisu turistikoekin negozioa egitea?
21 Zabalkundean hartzen diren erabakiek ahalbidetzen dute etxebizitzen arloko espekulazio izugarria ; pertsona horrek babestu dituen politikek egin dute etxebizitzak turismora bideratzea pagotxa izatea. Uler genezake krisi garaietan familia batzuk etxebizitza turistikoetan bilatzea bizitza duinago bat lortzeko bidea; baina ez gaude prest onartzeko erabilera espekulatiboa eta inongo mugarik gabea, are gutxiago botere posizio batetik legez kanpo egindakoa.
"Anteparak babestu dituen politikek egin dute etxebizitzak turismora bideratzea pagotxa izatea"
Arabatur elkarteak alegazioa aurkeztu zuen udalean, araudiak auzoko etxe guztiak turismora bideratzeko aukera eman dezan. Elkarteko presidentea Pilar Perosanz da, eta Antépararen legez kanpoko pisu turistikoak esplotatzen dituen Luxury enpresako administratzailea da aldi berean.
Arabaturren helburu bakarra espekulazioa da, ahal beste diru egitea, eta bide horretan bost axola diote kulturak, pertsonak, ondareak, auzo bizitzak... eta antza baita arauak eta legediak ere.
Auzoko eragile ugari agertu zarete etxebizitza turistikoen aurka. Zergatik?
Prekarioa den etxebizitzaren egoera are gehiago prekarizatuko lukeelako. Etxe agentzietan lan egiten duten pertsonekin hitz egin dugu, eta ohartarazi digute etxebizitza turistikoek ekartzen dutela gentrifikazioa, etxebizitzen prezioaren igoera, eta alokairurako aukeren murrizketa.
EAJ-PSE udal gobernuak ardura zuzena du: Alde Zaharrerako duen auzo eredua turismoari bideratuta dago, eta ez ditu auzokideak kontutan hartzen. Etxebizitza turistikoekin paraleloan ikusi dugu nola sustatzen diren hotelak, ostatuak edo ostalaritza eredu jakin bat. Kanpokale Berria kalean 42 plazetako ostatu bat ireki berri dute.
"EAJ-PSE udal gobernuak ardura zuzena du: Alde Zaharrerako duen auzo eredua turismoari bideratuta dago eta ez ditu auzokideak kontutan hartzen"
Interneten eskaintzen diren etxebizitzak erregistratuta daudenak baino askoz gehiago dira. Uste duzu udal gobernuak legez kanpoko praktika hauek ezagutzen dituela?
Uste dugu baietz, eta ezkutatzeko joera duela. Ofizialki onartzen du hirian 78 etxebizitza turistiko daudela, eta Alde Zaharrean 22. Udalak konpromisoa hartu zuen etxebizitza turistikoak lehenbiziko solairuetan soilik onartzeko, baina araudi espezifiko eza eta luze doan hutsune legala baliatuta, ugariak dira bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuta daudenak.
Udal gobernuak Alde Zaharreko etxebizitzen turistifikazioa arautzeko proposamena egin zuen 2020an; Arabaturrek alegazioak aurkeztu zituen eta udal gobernuak partzialki onartu; jarraian auzokideek aurkeztu zituzten alegazioak, Gasteiz Txikik sustatuta, debeku orokorra eskatuz. Hiru urte joan dira eta auzoak araudirik gabe jarraitzen du. Zer espero duzue?
Udalak etxebizitza turistikoak bultzatzen jarraituko du modu batera edo bestera, besteak beste bertako pertsona jakin batzuek interesak dituztelako horrela izan dadin.
Ana Oregi jeltzaleak [arloko sailaren zinegotzi arduraduna] erdi aditzera eman zigunaren arabera, uste dugu egungo gobernuaren ideia dela etxebizitza turistikoak baimentzea etxabetan eta lehen solairuetan. Gu aurka gaude.
"Duten kokapen politikoaren eta ahal ekonomikoaren ondorioz, pertsona horiek gertatuko dena aurreikusi eta planak egin ditzakete epe ertain luzerak"
Deigarria litzateke auzorako onartzen den etxebizitza turistikoen araudia Arabaturren lobby lanak baldintzatzea, ikusita nortzuk dauden atzean eta nola ari diren jokatzen.
Lotsagarria litzateke pertsona horiek baldintzatzea araudi berria. Eta faktore bat izan behar da kontutan, salagarriago egingo lukeena: duten kokapen politikoaren eta ahal ekonomikoaren ondorioz, pertsona horiek gertatuko dena aurreikusi eta planak egin ditzakete epe ertain luzerako. Auzokideei dei egiten diegu, batetik, salaketa egitera, etxebizitza turistiko, hotel edo ostatu berri bat zabalduko dela jakiten badute. Eta, bestetik, atarietako bileretan horiek debekatzeko erabakia hartu eta komunitatearen estatutuetan jasotzera. Hori proposatu genuenetik, etxebizitza turistikoen inguruko eztabaida zabaldu da auzoan, eta espekulazioari traba eraginkorra jarri diogu.