argia.eus
INPRIMATU
Billy Waters kale musikariari zor zaiona
  • Londres, 1823ko martxoaren 21a. Billy Waters kale abeslari, biolin jotzaile, dantzari eta aktore herrena hil zen St Giles auzoko benefizentzia etxean, 44-45 urte zituela.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko apirilaren 24a
Billy Watersi aitortza iritsi zaio zendu eta berrehun urtera. Irudia: Wellcome Collection.
Billy Watersi aitortza iritsi zaio zendu eta berrehun urtera. Irudia: Wellcome Collection.

Billy Watersen haurtzaroaz dakiguna da New Yorkeko portu inguruan hazi zela eta hantxe trebatu zela marinel lanetan, eta baita biolina jotzen eta dantzan ere. Afrikar jatorrikoa izanik, esklabo jaio zela uste da, baina ez da datu baieztatua.

1811n Ingalaterrako Itsas Armadarekin bat egin zuen, Nemur hornidura ontzian, Charles Austen –Jane Austen idazlearen anaia– kapitain zuela. Handik gutxira, Ganymede ontzian mailaz igotzea lortu zuen, baina sokaterian eta oihaletan lanean ari zela, erori eta bi hankak hautsi zituen; ezkerrekoa belaunaren azpitik anputatu behar izan zioten.

Londresko St Giles auzo txiroan bizi izan zen handik aurrera. Baina armadaren pentsio urria Polly emaztea eta bi haurrak mantentzeko nahikoa ez, eta kale emanaldien truke diru eskean hasi zen. Adelphi antzokiaren kanpoaldean aritzen zen, uniforme militar zaharra soinean, lumadun kapela buruan eta biolina eskutan.

Watersek biolina saldu behar izan zuen, eta egurrezko hanka ere saltzen saiatu omen zen, baina inork ez zion txanponik eskaini egur zati zaharkituaren truke. Handik urtebetera hil zen

Watersen biografiatan aipatzen da William Joseph Moncrieff antzerkigileak egin zuela ezagun, Tom and Jerry antzezlanean Watersen pertsonaia sartu zuelako. Bada, ordurako ezaguna zen antzokien kanpoaldean, herritarren artean, eta St Gileseko auzokideek “eskaleen errege” izendatu zuten. Antzezlan arrakastatsuak kalte handia eragin zion. Batetik, Moncrieffek egindako erretratua arrazista, iraingarria eta krudela zen, errealitatearekin zerikusirik ez zeukana. Bestetik, Watersen kale jarduna legez kanpokoa zen eta poliziaren jazarpena areagotu egin zen handik aurrera; epaile batek kartzelarekin mehatxu ere egin zion jardunari uzten ez bazion. Watersek biolina saldu behar izan zuen, eta egurrezko hanka ere saltzen saiatu omen zen, baina inork ez zion txanponik eskaini egur zati zaharkituaren truke. Handik urtebetera hil zen.

Watersen lanaren deskribapen batzuk eta hark sortutako kantu eta istorioen zenbait zati solte besterik ez zaizkigu iritsi, baina horiek bide luzea egin dute zenbaitetan. 1959an, Mississippin, Shirley Collins eta Alan Lomax kantu bildumagileek Sid Hemphill agurea grabatu zuten blues kutsuko abesti bat banjoaz lagunduta kantatuz: “Polly will you marry me? Polly don’t you cry, Polly come to bed with me and get a little boy…”. Watersek emazteari eskainitako kanta zen.

Hil eta berrehun urtera iritsi zaio artistari aitortza ofiziala. Londresko bere auzo zaharrean plaka bat jarri berri dute haren omenez. Eta adituen errekonozimendua ere jasotzen ari da. Tony Montague musika ikerlari kanadarraren hitzetan, Billy Waters “bluesaren, breakdancearen, rockaren eta raparen aitzindaria da”.