argia.eus
INPRIMATU
Amonak ere dantzatuko du hau!
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko apirilaren 27a
'N.T.E.R.' | Raimundo el canastero | 2023
'N.T.E.R.' | Raimundo el canastero | 2023

Hau da bidali nahi dudan mezua: infernutik ikusten da zerua". Honela abiatzen da lehen kanta. Nazareteko Jesusen ustezko berpizkundearen pare, Raimundo El Canasterok Aste Santurako ekarri digu bere lehen lan luzea: N.T.E.R. (No Todo Es Rumba). Rumba talde gisa hasi zena, izugarrizko zapore festa bihurtu delako.

Entzuna nuen taldea, baina usainik ere ez zetorrenaz. Nafarroaldeko lagunei galdetu, eta Ibai Osinagak, txinatar aipu bat nola, hitz gutxirekin azaldu dit azaldu beharrekoa: Lizarraldekoak dira, horrek azaltzen du dena.

Dena ez dakit, baina ondo kokatzen du eztabaida. Nafarroako sustrai batzuetatik abiatuta, mundu osoko iturriak nahastu eta garatzen ditu NTER-k. Porrusalda ekletikoa harrigarriki koherentea da. Eta, garrantzitsuena, oso dibertigarria. Barre egiteko beste disko bat.

Lagun taldea da, eta lagunen gisara, etxean kozinatutako disko ikaragarri honek badu bestela lortu ezin daitekeen freskotasun hori. Hegoaldeko bazileoa, primiko mio. Beltza, el Senisa eta el Caete dira deabruaren artifizio honen egileak-. Eta lagunak saldoka. Goxokiak aipatzearren: Moises no duerme, La Wera eta Txeto.

Ezin ditugu hemen laburtu diskoak dituen harribitxi guztiak: zazpi jauzi bat 13,12 lelo ezagunarekin, eta poliziaren kontrolez abixatzen gaituzten whatsapp taldeetako audioekin; Alaitz eta Maiderren tripizko ametsa; Ray Herediaren Alegria de vivir kantaren bertsioa, udako kanta izateko esperoan; eta hiru atal dituen Taketeo kanta (a ze erritmoak eta a ze zutabeak).
Irrietatik harago, azken urteotan garatzen ari den tradizioaren eta elektronikaren arteko zubi horri aletxoa jarri diote Lizarraldeko lagunek. Orri hauetan aldarrikatu genuen Califato 3/4- ren harira, euskal futurismoaren beharra, eta Raimundo el Canasterok norabide horretan aletxoa jarri du, gure kalifato nabarro honek azken urteotako euskal musikaren ziklo berriari ekarpena eginez.

Euskal Herria jada ez da izan zena; urte batzuez putzu sakon eta iluna izandakoa jada ibai oparoa da; Ekialdetik Mendebaldera, kulturak badu eraldaketa emari berritu eta fresko bat. Ea ur laster horiek, kultur sorkuntzatik harago, gure buru eta iruditeriak ere bustitzen dituzten.