argia.eus
INPRIMATU
Zonbiak Euskal Herrian
Roser Espelt Alba @earuze 2023ko apirilaren 17a

Silicon Valley Bank, Republic Bank, Deutsche Bank edo Credit Suisse bankuen gainbeherak ezbaian jarri du interes-tasen igoeran oinarritutako banku-zentralen politika. Sorpresarik ez, banku-zentralen helburua “ekonomia hoztea” baitzen, hots, krisi bat eragitea. Hain zuzen, aipatu banku komertzialen erorketa izan da politika horien lehenengo ondorio zuzena. Eraiste neurtu bat nahi, baina kapitalismoan kontrolak ez du lekurik, eta oraindik ikuskizun dago noraino hel daitekeen bankuen krisi hau. Baina krisi horretaz aparte, agerian geratu da hamar urtez interes-tasak zeroan egonda ere, nazioarteko ekoizpen-sistema egoera erabat kaskarrean dagoela. Kredituaren menpeko den ekoizpen-sistema, krediturik gabe biziraun ezin duena, ekoizpen-sistema zonbia.

Kredituen interesak ordaintzeko nahikoa etekin lortu ezin duten enpresei enpresa-zonbi deritze. Ezintasun horrek zorpetzera behartzen ditu, amaierarik gabeko gurpil zoro batean. Interes-tasak igotzean, enpresak gutxiago zorpetu daitezke eta bankuetan daukaten dirua erabiltzen saiatuko dira (Silicon Valleyn gertatu dena). Baina berandu baino lehen jausiko dira.

Ez du guztia konponduko, baina Banku Publiko batek inbertsioa bideratu dezake, eta ekoizpen-sistema gidatu langilegoaren mesedetan

2008ko krisitik irteteko, Erreserba Federalak eta Europako Banku Zentralak interes-tasak zeroraino jaitsi zituzten. Hala ere, ekonomia ez da hobetu, artifizialki biziraun du eta geroz eta zonbi gehiago daude. Ez Silicon Valleyn soilik, baita Euskal Herrian ere. 2018an, Nafarroako eta EAEko enpresen %10,16 zonbiak ziren, orain, %25,11. Eta igoera orokorra izan da: lehen sektorean %12,26 ziren, orain %26,21; industrian eta eraikuntzan %9,74, orain %26,43; eta zerbitzuetan %10,28, orain %24,65. Enpresa horien bideragarritasuna zorpetze gaitasunak baldintzatzen du, geroz eta murritzagoa den gaitasuna. Ondorioz, bertan lan egiten duten 197.938 beharginen lanpostuak arriskuan daude, Hego Euskal Herriko bost langiletik bat.

Eta zein da konponbidea? Interes-tasa handiek krisi bat dakarte, baina zeroan egonda ez dirudi ezer lortu dutenik. Arazo nagusia izan da zein jarduera eta enpresa finantzatu behar diren erabakitzeko eskumena finantza-sektore pribatuaren gain uztea, Banku Publiko bat garatu ordez. Ez du guztia konponduko, baina Banku Publiko batek inbertsioa bideratu dezake, eta horrela, ekoizpen-sistema gidatu, ez aberatsen eta espekulatzaileen mesedetan, langilegoaren mesedetan baizik. Banku komertzialentzat interesgarriak izan arren, adibidez, NATOrentzako armak, ezinbestekoak ez diren jarduerak finantzatzeari utzi behar zaio, eta baliabide horiek herriarentzat beharrezkoak eta estrategikoak diren jardueretara bideratu, errentagarriak izan ala ez.