argia.eus
INPRIMATU
Varsoviako ghettoa latatan gordeta
  • Ghettoko eguneroko bizitzaren kontakizuna jasotzen ibili zen hainbat zientzialari, historialari, marrazkilari eta errabinoz osaturiko talde bat, eta dokumentazio guztia latorrizko hamar kaxatan eta hiru esne marmitatan ezkutatu zuten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko apirilaren 18a
Duela 80 urte, Varsoviako ghettoko juduen matxinadak ghettoa suntsitzea eragin zuen, baina han gertatutakoaren kronikak latatan gordeta iraun zuen.
Duela 80 urte, Varsoviako ghettoko juduen matxinadak ghettoa suntsitzea eragin zuen, baina han gertatutakoaren kronikak latatan gordeta iraun zuen.

Varsovia, 1943ko apirilaren 19a. Ghettoko juduak, azken hilabetetan erresistentzia armatua antolatzen aritu ondoren, matxinatu egin ziren, eta behingoagatik naziek atzera egitea lortu zuten. Biharamunean bertan gogor erantzun zuten alemaniarrek eta hilabete eskas geroago ghettoa guztiz suntsitutzat eman zuten, TÅ‚omackie kaleko Sinagoga Handia erre zutenean.

Bi urte eta erdi lehenago, ghettoa abiatzean, 360.000 judu sartu zituzten bertan; amaieran, 10.000-15.000 besterik ez ziren bizirik irten. Treblinkara eraman ez zituztenak, ghettoan bertan hil ziren. Baina han gertatutakoaren oroimenak bizirik iraun zuen ekimen berezi bati esker.

Emanuel Ringelblum historialari juduak hainbat zientzialari, idazle, marrazkilari, errabino… bildu zituen eta Oyneg Shabat (atseden eguneko poza) izeneko taldea sortu zuten, ghettoko eguneroko bizitzaren kontakizuna jasotzeko eta, gerra amaitzean, liburu batean jasotzeko. Taldekideek gertatzen ari zenaren kronika txostenetan, saiakeretan edota marrazkietan biltzen joan ziren.

Ghettotik bizirik irteteko eta, beraz, liburua idazteko aukera txikia zutela jakitun, bildutako dokumentazio guztia latatan

Kontzentrazio esparruetan gertatzen ari zena ere jaso ahal izan zuten Yacob Grojanowskiri esker; Chelmnoko esparrura deportatu zuten arren, ihes egitea lortu zuen, eta han ikusitako eta bizitako basakeriak idatzi zituen. Oyneg Sabathek txosten zehatza osatu zuen eta, poloniar erresistentziaren bidez, Londresera bidaltzea lortu zuten, han argitara zezaten.

Baina deportazioak, gaixotasunak eta gosea handitu ahala, taldekideen itxaropena txikituz joan zen. Ghettotik bizirik irteteko eta, beraz, liburua idazteko aukera txikia zutela jakitun, bildutako dokumentazio guztia latorrizko hamar kaxatan eta hiru esne marmitatan ezkutatu zuten.

Duela 80 urte matxinada piztu zenean, alemaniarrek ia taldekide guztiak atzeman eta hil zituzten, baina Ringelblumek familiarekin ihes egitea lortu zuen. Ia bi urte eman zituzten ezkutatuta. Baina gerra amaitzear zela, Gestapoko kideek aurkitu zituzten. Bi familiak hil zituzten, Ringelblumdarrak eta haiei babesa emandako familia osoa ere bai. Baina taldearen helburua betetzea lortu zuten behintzat: esne tupina bat ez beste lata guztiak aurkitu dituzte oraingoz.