argia.eus
INPRIMATU
Gorputzaren eta arimaren gehiegizko babesa
Tere Maldonado @teremaldon 2023ko apirilaren 17a
PAULA ESTÉVEZ

Eskola jantokietan elikadura alergia edo intolerantziaren bat duten ikasle zerrendak gero eta luzeagoak dira. 1.800 alergia baino gehiago erregistratu omen dira. Elikaduran behar bereziak dituzten ikasleentzako dietek gora egiten dute urtero. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koan Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak egin genituen belaunaldiarentzat fenomenoa guztiz ezezaguna zen.

Hainbat arrazoi eman da eta hazkunde esponentzial horren zergatia eztabaidan dago. Elikadura-ohiturak, kutsadura eta klima-aldaketa eragileen artean omen daude. Baina gehiegizko higienea ere aipatu da, sistema immunologikoa normaltasunez garatzea saihesten duena. Lokatzetan jolasean zikintzeak, geuk egiten genuen bezala, organismoak defentsak garatzea eragiten du. Geuk, hamaiketakoko bokata lurrera erortzen bazitzaigun, hartu, kolpetxo batzuk eman eta jan egiten genuen, milikeriarik gabe. Konturatu zarete gaur umeak ez direla batere mukizu? (mukizuk umea esan nahi zuen). Antza, mukiak zintzilik izatea gure gorputzak ingurunera egokitzeko eta erresistente egiteko lan egiten zuen seinale zen.

Gorputzetik burura pasatzen bagara (burua gorputzaren atal bat da, bai, hitz egiteko modu bat da), antzekoa: nahasmendu obsesibo konpultsiboa haurtzaroan eta nerabezaroan; gogo-aldartearen desarautze suntsitzailearen nahasmendua; hitzik gabeko ikaskuntzaren nahasmendua; nahasmendu negatibista desafiatzailea; banantze-antsietatearen nahasmendua; eskola-fobia; antsietate sozialeko nahasmendua. Oso lagin txikia da, askoz nahasmendu gehiago daude. Gure belaunaldarentzat ere zerbait guztiz berria. Esparru horretan premia bereziak dituzten ikasleen kopurua ere etengabe hazten ari da.

Nerabe bat hiperaktibo gisa etiketatzeak, diagnostikoa zuzena izan ala ez, nerabearen portaeran eragina du

Espezialistek eztabaidatzen dute nahasmendu psikologikoak aurrekaririk gabeko ugaltzearen kausei buruz. Batzuek diote lehen ere existitzen zirela, baina izendatzen ez zirenez, ez zirela identifikatzen eta diagnostikorik eta tratamendurik gabe pasatzen zirela. Kontrako hipotesia ere planteatu da, eta kontsideratu behar dugulakoan nago. Entzun duzue gain-diagnostikoari buruz?

Ian Hacking filosofoak hori ulertzeko lagungarri izan dakigukeen zerbait azaldu zuen aspaldi. Zuhaitz edo astro motak (adibidez) sailkatzen ditugunean eta, demagun, zeruko gorputz bat planeta dela esaten dugunean, objektu sailkatuari berdin zaio. Sailkapena ondo edo txarto egina egon daiteke (agian ez da planeta bat, satelitea baizik, eta erratu gara izendatzean), baina horrek ez du eraginik sailkatutako objektuan, eta bere kasa jarraituko du biraka. Aldiz, sailkatutako objektuak pertsonak direnean, zerbait bitxia gertatzen da: sailkapenek eragina dute sailkatutako pertsonengan. Nerabe bat hiperaktibo gisa etiketatzeak, diagnostikoa zuzena izan ala ez, horrela sailkatutako nerabearen portaeran eragina du. Hackingek dio klase naturalak ez direla interaktiboak, baina gizatiarrak bai, begizta efektua eragiten dutela. Giza-sailkapenekin soziologian "profezia autokonplitua" bezala ezagutzen den fenomenoa ere gertatzen da. Iraganean, hiperaktibitatearen etiketa existitzen ez zenean, haur oso mugituak ere bazeuden, baina ulertzen zen, besterik gabe, besteak baino mugituagoak ziren haurrak zeudela. Baliteke hemen "izenak ematen du izana" delako hori gertatzen aritzea?

Pare bat datu gehiago: Espainiako lehen psikologiako fakultatea 1980an jarri zen abian. Horrez gain, badakigu kapitalismo berantiarrean kontua ez dela eskari bat asetzea, hura sortzea baizik. Ez dut esango puzzle osoa bete dugunik, baina irudiaren lerro nagusiak ulertzeko pieza gakoak ditugu. Atera ditzagun kontuak.