Askok Berria-n egunero idazten duen zutabeari esker ezagutuko dute Angel Erro (Burlata, 1978); beste askok, Lerro etena dietarioarengatik (Elkar, 2019). Bazen denbora bat, ordea, poeta gisa plazara agertzen ez zela. 2021ean Blas de Otero - Angela Figuera saria irabazi ondoren, iazko udazkenean Erein argitaletxearen eskutik Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak- argitaratu zuen arte. Ez da oharkabean pasa: aurtengo Nafarroako Liburu Denden Saria ere eskuratu du lan horrek. Hura jaso duen egun berean hitz egin du idazleak ARGIArekin.
Irakurtzeko jarraibideak jarri diozu tituluan liburuari. Zergatik?
Arrazoi asko dago eta aldi berean funtzionatzen dute denek. Izenburu bezala bururatu zitzaidan; beharbada erabili nezakeen poema baterako, baina liburu osoari jartzeko ere ideia ona izan zitekeela pentsatu nuen. Gero ez nuen nahi horrek behartzea benetako gida-liburu bat egitera, horrelako zerbait injeniotsua izango zen arren. Baina pentsatu nuen askotariko poemak biltzeko euritako ona izan zitekeela. Iruditzen zait izenburu inofentsiboa dela, jendeari ez dio beldur gehiegirik ematen, ez dut esaten "hau ez dakit zer den"; ez da izenburu poetikoa.
Libururako bidea erraztu nahi izan diozu irakurleari?
Gertatzen da denok daukagula aurreiritzi bat poesia denari buruz. Eta aurreiritzi hori zabaldu beharko litzateke, zeren askotan gelditzen gara eskola garaian beharbada gogoz kontra irakurri genituen gauza horiekin. Edo kurtsileriarekin lotutako topikoekin. Nik uste dut hori dela hesirik handiena jendea poesiara hurbiltzeko. Beharbada ez dugu jende dena hurbildu behar ere, baina iruditu zitzaidan Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak- jarrita, behintzat baten bat, inprudenteren bat, erori zitekeela nire tranpan eta liburua hartu.
Garai desberdinetan idatzitako poemak bildu dituzu.
Bai, batzuk Gorputzeko humoreak (Alberdania, 2005) liburuaren uharan etorritakoak dira, liburu hartan argitaratzeko modukoak, baina beranduago sortutakoak. Beste batzuk, amaren heriotzarekin zerikusia daukatenak, aurreko poema-liburu hori argitaratzearekin batera gertatu zenez, momentu horretan sortu zitzaizkidan. Eta uste dut kutsadura moduko bat ere gertatu zela hor, emozionalki eta bestela. Eta geroztik ere joan naiz idazten, batzuetan proiektu handiagoetan pentsatuz; horien hondar batzuk geratu dira. Idatzita neuzkan batzuk berriz irakurri eta ez nituen gogoan ere; ulertzen ez nituenak ere bazeuden... Gertatu zait, esaterako, Sautrela izenekoarekin: argitaratu nuen oso ongi ulertu gabe zeri buruz ari den, baina egun batean, behin argitaratuta, hartu nuen liburua eta argia ikusi nuen: "A, beraz honi buruzko poema zen!".
Liburuko hermetikoenetako bat da.
Klabean balitz bezala idatzita dago. Uste dut adin batean jendeak hala idazten dugula, klabean edo. Baditugu gure arazoak, kezkak, gure sekretuak... eta hermetikoak izaten gara, kriptikoak. Guk ulertzen ditugu eta nahi dugu jendeak uler ditzan, baina pista gehiegirik eman gabe. Eta nik idatzi ditut horrelako zerak, baina ez dakit, orain ez dit balio.
Beste zerbait bilatzen duzu?
Zaila da esaten. Argia izan nahi dut. Edo, beno, argia baino, nahi dut zailtasuna beste nonbait egon dadin, ez ulermenaren maila horretan.
Iruditu zait poema hauetako askotan eremu zehaztugabeetan esploratzen ari zarela, sentsazio anbibalenteak deskribatzen.
Horrek ere sortzeko prozesuarekin izango du zerikusia. Beharbada egon daiteke jendea lehenago planifikatzen duena zer idatzi nahi duen, zer transmititu nahi duen, zer mezu utzi... Nik hori miresten dut, saiatu izan naizelako egiten, baina porrot egin dut guztietan, eta horregatik gelditu zaizkit poema solteak. Uste dut nik aldrebes funtzionatzen dudala edo funtzionatzen zaidala hau [barre egin du]. Irudi batekin edo esaldi batekin hasi eta hortik jarraitzen dut tiraka. Eta beharbada gero iristen naiz... Ez dut oso mistikoa eman nahi, baina iritsi zaitezke lehenagotik esan nahi zenuela ez zenekien zerbaitera.
"Ez dut oso mistikoa izan nahi, baina iritsi zaitezke lehenagotik esan nahi zenuela ez zenekien zerbaitera"
Poema batzuetan esplizituki aipatzen duzu hori, gainera.
Igerilariaren poeman, Ian Thorperen horretan, esaten dut "hau oraindik ez da idatzi nahi dizudan poema". Asmo batekin abiatu zaitezke eta nabaritzen ahal duzu "hau hobe zitekeen" edo "hitz hau ez da nik erabili nahi nuena". Aukera bat da gelditzea eta beste egun baterako uztea. Eta beste bat da zailtasun horiek bistaratzea. Horrek lasaitu egiten gaitu denok, humanoago eta irisgarriago bihurtzen gaitu. Eta baliabide bat ere bada duda sortzea.
Lehenbiziko poemak berak asko markatzen du liburuaren tonua: nekatutako eraikin bat aipatzen duzu, azken agurra... Badira doluari eskainitako poema asko ere. Esango zenuke heriotzak asko markatu duela liburua?
Dolu-poema batzuk badaude, baina badaude bestelakoak ere. Uste dut adinak ere baduela zerikusia: nabaritu dut ezkorragoa naizela, denboraz gehiago pentsatzen dudala; gero eta poema ilunagoak ateratzen zaizkit gai aldetik, baina saiatzen naiz behintzat tonua ez izatea horrelakoa, meme horretan bezala: etxe beltz bat ageri da eta idatzita dauka "hitzak"; eta ondoan etxe berdina koloretan, eta gainean "musika". Musika oso alaia, baina letrak ilunak. Hemen kontatzen ditudanak tristeak dira, dolua dagoelako, denboraren pasatzea... baina saiatzen naiz hori biltzen duena horrelakoa ez izaten.
Ekaineko egunak poemak gogora ekarri dizkit Pello Lizarraldek bere nobeletan sortzen dituen giroak.
Konparazio horrek Pello Lizarralde bakarrik haserretu dezake [barre egin du]. Horrelakoekin gertatzen zait idazten ditudala eta gero, berriz irakurtzean, galdetzen diodala nire buruari: "Honek beste norbaiti ere zerbait esango al dio?". Asko gustatzen zait, baina era berean esaten dut: "Hemen ez da ezer gertatzen". Egun bat, paseoan nenbilen... irudika dezaket zein egunetan zen... Gero bada beste gauza bat: baditut poema batzuk, nahiz eta gustatu, halako lotsa bat ematen didatenak edo mania hartzen diedanak. Nire lehenengo liburuetan badira poemak azken hogei urteotan ez ditudanak irakurri. Liburua eskuetan hartu eta beti gainpasa egiten ditut. Eta esaten duzu: "Momentuan horrek zerbait esaten bazuen, zerbait egongo da hor, utzi beharko da". Baina ez dakit.
"Hitzetatik ere pasatuko da denbora; hitzetatik denbora pasatzeak esan nahi du gauzak bestela ulertuko direla, oker edo beste modu batera"
2005ekoa zen orain arteko zure azken poema liburua. Duela lau urte Lerro etena argitaratu zenuen, zure egunerokoetatik abiatutako testuak bilduta. Zergatik hainbeste denbora libururik publikatu gabe?
Egia da denbora asko pasatzen utzi nuela, baina oharkabean pasatu zitzaidalako. Nik oraindik nire burua poeta gaztetzat neukan. Liburu hau sariketara titulu honekin bidali nuen, baina gero, argitaratzeko orduan, zalantza izan nuen: Poeta gaztea deitzekotan egon nintzen. Poeta gazte batek, benetako poeta gazteago batek, esan zidan ez zela titulu ona [barre egin du]. Gaztetasuna beti goraipatu izan da eta poesiarekin lotuta dago, halako joko bat egongo litzateke, "hemen poeta heldu bat dago, baina oraindik poeta gaztetzat dauka bere burua".
Uste dut poesia-idazle bezala, lehen esan dizudan dolu horregatik, gelditu egin nintzela: idazten nuen baina publikatzeko animo gehiegirik gabe. Eta egon naiz gauzak metatzen. Ez da estrategia txarra izan, estrategia deitzen ahal bazaio, orain horrekin badaukadalako aukeratzeko material gehiago. Hala gertatu zait Lerro etena-rekin, toki askotako gauzak hartuta osatu ahal izan dut mosaiko bat; eta honekin neurri batean gauza bera egin ahal izan dut.
Ian Thorperen poema aipatu duzu lehen, liburuan badira oda olinpikoak ere. Zer du kirolak material poetiko gisa?
Bada zerbait kirolean gazte izatearekin oso lotuta dagoena, halako errelebo azkarra gertatzen delako mundu horretan: zaletzen zara pilotari batekin, Irribarriarekin adibidez, eta hortik hilabete batera aldatu behar duzu faboritoz, erretiroa hartu duelako. Azkartasun horrek islatzen du besteok bizitzen duguna beste arlo batzuetan.
Denborari buruz ere asko ari zara, gaztetasunaz...
Bai, tematuta nago horrekin. Eta gainera denboraren igarotzea konplot bat bezala bizi dut neurri batean. Denok dakigun zerbait da, baina ezikusia egiten diogu. Ez naiz gogoratzen nork esaten zuen: ez da logikoa mundu guztia etxetik ez ateratzea oihuka, "hiltzera goaz!" esanez. Baina hori eginez gero erotzat hartuko zaituzte eta disimulatu behar da, ezikusiarena egin, kalean elkarrekin topo egiten dugunean esan "inoiz baino hobeto zaude"... Eta konturatu naiz denboren arteko ezberdintasunak ere niri atentzioa deitzen didala. Esaterako, idazten ari zareneko denbora eta beste norbaitek hori jasoko duen denbora: hor bi denbora daude eta azkenean idazlearen eta irakurlearen arteko harremanean, kasurik onenean, beti dago traba hori erdian. Beti pasatuko da denbora, hitzetatik ere pasatuko da denbora; hitzetatik denbora pasatzeak esan nahi du gauzak bestela ulertuko direla, oker edo beste modu batera.
Poeta eta maitea ohean daude oraindik-en kalean dabilen jendeaz hitz egiten duzu jainkotasuna galdu duten pertsonak balira bezala.
Poema horiek, "Poetak ez-dakit-zer" izenburua dutenak, nahiz eta berez ez zeuden horrela, ordenatu nituen halako istorio bat sortzeko, momentu ezberdinetan eta jende ezberdinarengan pentsatuz idatzita egon arren. Eta aipatzen didazun hori, ba bai, egia da... Kostatzen zait paisanoz jantzita nagoenean poetiko jartzea, baina maitasunak, sexuak, badu hori: abstraitzen zaitu, goratzen zaitu, salbuesten zaitu denetatik... Baina gero hori bukatzen da eta kalean daudenak ere barkatzeko momentu bat egongo da. Haiekin ere bildu beharko dugu, zeratu ondoren.
Manikiak poeman plastikozkoa dirudien jendeari distantziatik begiratzen diozula dirudi.
Hori dauka ona: jende batek uler dezake benetako manikiak direla eta gero irakur daiteke beste zerbait esan nahi balu bezala. Poema horretan grazia egiten didana da maniki asko oso estilizatuak izaten direla, ez dute benetako jendea ematen; eta askotan anonimotasun gehiago emate aldera bururik gabe egoten dira. Gainera edertasunaren momentu batean daude, pose eta jarrera batean geldituak... Interesatzen zitzaidan irudi bezala, nire beste kezka batzuk zehazteko: edertasunak irreflexibotik daukana eta eternizatzailetik.
Hitzaurrea poemarekin amaitu duzu liburua. Amaiera pesimista iruditu zait, hala izatea nahi zenuen?
Behartuta nengoen azkena jartzera Hitzaurrea deitzen delako [barre egin du]. Nahiko poema berria da, azkenetakoa; eta bai, pesimista da, ez naiz alaierantz joan. Baina pentsatu nuen: "Azkena jarrita, norbait iritsi bada honetara, barkatuko dit pixka bat depresiora bultzatzen badut". Poema hori esaldi batetik sortu zitzaidan: "Heriotzaren hitzaurre bat gara, herio orokorraren azalpen partikular bat". Beharbada esaldi horrekin egin nezakeen zutabe bat, beste poema-liburu baten proiektua, baina poema horretan sartu nuen, eszena horretan, parranda baten ostean etxera joan-ez joan zabiltzan unean eta... ez daukat deklaratzeko gehiagorik. Ukaezina iruditzen zait hori bagarela: heriotzara goaz, baina gure heriotzaren hitzaurre bat gara.
"Adin batean jendeak hala idazten dugu, klabean edo. Baditugu gure arazoak, kezkak, gure sekretuak... eta hermetikoak izaten gara, kriptikoak. Guk ulertzen ditugu eta nahi dugu jendeak uler ditzan, baina pista gehiegirik eman gabe"
Inork irakurri nahiko ez duena...
Bai, baina beno, etorkizunean jokatua dago aditza. Egia da igual jendeak orain irakurri nahiko nauela, ni pertsona bezala ezagutzen nautenak "ari naute" irakurtzen, baina iritsiko da momentu bat zure ezagunak desagertuko direna eta... Ni liburu-denda zaharretara joaten naiz eta ikusten ditut liburu asko inork irakurtzen ez dituenak denbora gehienean. Eta bueno, ez da ezer gertatzen, iritsiko da momentu bat non inork ez nauen irakurri nahi izango. Eta hori zahartzaroarekin ere lotzen da.
Baina poemaren batean aipatzen duzu idaztea izan litekeela heriotzatik salbatzeko ahalegin moduko bat.
Bai, baina porrot edertu bat edukitzeko. Azkenean porrot bat da uzten duzuna, baina bueno, ederra. Epika, askotan, porrotetatik sortzen da, hori herri bezala asko dakigu.
Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?
Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]
Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]
PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024
--------------------------------------------------
Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]
Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024
----------------------------------------------------
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024
---------------------------------------------
Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]
Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020
-------------------------------------------------------
Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]