EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari buruz. Protesta gutxi ikusi dugu, eta ezin ulertu legea begi onez baloratu delako denik, sindikatu eta eragile sozialen eskutik kaleratu diren azterketak oso kritikoak baitira.
Lege aldaketak ez du “Euskal Sistema” deiturikoa bazterketa sozialaren eta pobreziaren kontrako tresna gisa zabalduko, ezta indartuko ere. Izan ere, erreformaren muinean, sistemaren izaera ankerra trinkotzen da: babes bila jotzen duenak erakutsi, justifikatu eta bere bizimoduan islatu beharko du sistemaren babesa behar eta merezi duela. “Euskal Sistemak” ez du pobrezia borrokatzeko inolako konpromiso eta erantzukizun berririk bereganatzen. Kontrara, prestazio publikoak jasotzeko baldintzak gogortu dituzte, horiek eskuratzeko bideak zailagoak izango dira, eta hogei langile jarriko dituzte pobrezian bizi dena benetan pobrea dela eta pobre bizi dela konprobatzeko. Kontrol soziala, bi hitzetan.
Estigmatizazioa eta zigorra, diru publikoaren erabilpen egokiaren eta neurrizkoaren izenean. Pobreziaren ikuskaritza bat da, baina ez arazoa zenbaterainokoa den ikusi dezagun. Lan ikuskaritza indartzea, etxeko langileei lan ikuskaritzara jotzeko eskubidea ziurtatzea, edota iruzur fiskalari aurre egiteko ikuskari gehiago jartzea politiko publikoak indartzeko diru sarrerak handituta… hurrengorako gelditu dira.