argia.eus
INPRIMATU
Lanartea
Castillo Suárez @casti_suarez 2023ko martxoaren 31

Ez dut gogoan nori entzun nion hilaren amaierara poesia idazten baino ezin dela iritsi, baldin eta poesia ez bada hilabete amaierara iristeko zure modua. Poesia, zorionez edo zoritxarrez, sistema literarioaren eta industria kulturalaren periferian egon da beti. Nolanahi ere, poetok badugu nolabaiteko prestigioa. Gutxi saltzen dugu baina ongi ikusita gaude. Ni, behintzat, talde horretan nago. Egunotan bi liburu aurkezten ari naiz han eta hemen: bata, euskaraz eta, bestea, katalanerako itzulpena. Elkarrizketa guztiei baietz esaten diet eta saiatzen naiz moldatzen kazetarien egutegi eta ordutegietara. Nire lanak uzten dit opor orduak eta egunak askatasun handiz hartu ahal izatea eta kanpora joan ahal izan naizenean ez dut arazorik izan eskatu didatenean hegaldi eta hoteletako dirua aurreratzeko. Esan gabe doa: dirua galtzen dut nik literaturarekin. Eta esan diezadakete: gustuko duzuna egiten ari zara. Baina kezkatzen nau nik onartzen ditudan enkargu batzuk —debalde edo gaizki ordainduta— ez ote dieten kalte egiten literaturaz —edo, hobeki esan, idazteaz—bizi direnei. Horregatik egin naiz Lanarteako bazkide. Sortzen dugunok, eta zer esanik ez profesionalek, duintasunez egiteko eskubidea dugulako.