argia.eus
INPRIMATU
Ama ere erobat aske
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko apirilaren 11
'Ero bomb' | Ama Say | Bonberenea, 2022
'Ero bomb' | Ama Say | Bonberenea, 2022

"Nazkatuta nago taldeen itzuleretaz" erantzun zidan ni baino zati bat gazteagoa den ezagun batek Ama Say taldeak maizago kontzertuak egiteari ekin diola esan nionean. Ama Say ez dela luzaroan isilik egon pentsatu nuen, eta, gainera, beti izan du zerbait beste taldeengandik bereizi izan duena. Oroimenak atzera 1990eko hamarkadara ekarri nau, eta gogoan daukat lagun batek oparitu zidan Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen estreinako diskoa lehenengoz entzun nuenean hartutako sorpresa itzela; baita taldea zuzenean lehenengoz ikusi nuen aldia ere –Soraluzeko Gaztetxean 6nemen9 taldearekin batera–. A ze taldea! Euskara eta ingelesaren arteko joko irudimentsua, melodia sarkorrak, eutsitako eta tarteka askatutako energia, bat-bateko eztandak, umorea, kritika, hitz joko ugari eta Pixies-ekiko ahaidetasuna, besteak beste.
Distantzia apurtzeko egiten dituzten emanaldi gutxi batzuk ikusi eta gozatu ditut, eta egiaztatu didate esentzia, nortasuna, indarra eta umorea oraindik bere dituztela; eta, gainera, fitxaje berriekin –Karlos Osinaga Txap tarteko– energia gorantz doala.

Orain, inork gutxi espero zuenean hamar hatz beteko diskoa kaleratu dute Bonberenearekin, bi ekinalditan grabatutakoa; haien esanetan “gertatu behar ez zen zerbait posible bihurtuta”. Aurrera doa taldea; hemen ez dago atzerapauso ezta nostalgiarik ere, eta katalana ere batu dute entsaladara.

Matria pisutsua da, bortitza. Melodia malenkoniatsua gordetzen badu ere, distortsioak eta batez ere indarrak ez diote azalerazten uzten. Egunero, aldiz, jostariagoa da eta gogora ekartzen digu 90eko hamarkadako giroa: itsaskorra, distortsionatuagoa eta Isla encantada-ren trazan kiribildua. Noise-an behin instrumentalki askoz ere gogorragoa da, post-hardcore eta ia industrial lokatzatan erabat sartuta, Sheelac-en irmotasuna eta Portobello Bones-en mestizaia ditu baitan. Ero bomb-ek jarraitzen dio, Bonbereneari men egiten dion pieza funky yonkee eta tronpeta doinu ero eta zarpailarekin. Bukatzeko, Izarrak zenbatzen lainoen azpian eta organoaren gainean errezitatutako outro ederra da.