Jakina da Europako Batasuneko (EB) estatu kideen artean zerga erregimen desberdinak daudena. Horrek eragina du zerga egitura eta motari dagokienean. Sozietateen gaineko zergaren kasuan ere zergak oso bestelakoak dira herrialde batetik bestera, eta arlo horretan Herbehereak, Irlanda, Malta, Zipre eta Luxenburgo paradisu fiskalen kategorian koka ditzakegu, zalantzarik gabe. Zerga kontuetan Europako Batasunak duen ahultasunaren ebidentzia da arrakala hori, eta gaur egun EBren kohesiorako ahulgune nagusienetarikoa da. Egun, Europako ongizate estatuaren ifrentzua da enpresen zerga sarrerak gero eta apalagoak izatea. Norabide horretan eragiten du estatuen arteko beheranzko lehia fiskalak, eta horrek ekarri du Europako Batzordeak kezka azaleratzea eta nolabaiteko harmonizazioaren beharra aldarrikatzea.
Hari horri jarraituz, oso entzutetsua izan da Espainiako Estatuko enpresa ikur batek, Ferrovialek, egoitza Herbeheretara aldatzeko erabakia. Emandako arrazoi nagusia –estatuko segurtasun juridiko eza– sinestezina da eta bistan geratu da zerga beherapena izan dela mugimenduaren zio behinena. Estatuko erregimenean hazitako elite batek gidatzen du enpresa hori, eta estatu horren onuradun historikoa izanik, zalaparta handia sortu du erabakiak. Erpin ugari duen egoitza aldaketa horrek Europako estatuen nolabaiteko ongizate erregimenaren iraunkortasuna bera auzitan ipintzen du. Izan ere, munduko ekonomian enpresa transnazionalen botere ahalmenak estatu gehienena gailentzen du.
Europako kohesio ekonomiko eta sozialaren bidean, oztopo larria da zergagintzan batasunerako urratsak hartu ez izana
Ferrovial enpresak zerga arloan Europako Batasunak duen ahulezia probesten du. Europako kohesio ekonomiko eta sozialaren bidean, oztopo larria da zergagintzan batasunerako urratsak hartu ez izana. Hutsune horretatik etekina ateratzen dute hasieran aipatutako herrialdeek. Herrialde horiek zergapetze apalaren ereduari jarraituta enpresak erakarri ohi dituzte, eta zerga bilketa eta enplegua handitzen dute, beren estatu bazkideak kaltetuta. Oxfam erakundeak egindako estimazio batek dio Herbeheretako zerga sistemak munduko gainerako estatuei urteko 22.000 milioi euroko zuloa sorrarazten diela. Enpresa transnazionalek zerga paradisuetara desbideratutako etekinen ondorioz gutxienez 4.000 milioi euro galarazi zizkioten Espainiako Estatuari 2019an eta Frantziako Estatuari 4,6 mila milioi euro urte berean (Frantziako Senatuaren azterketa batek 30-36 mila miloi eurora igo zuen galera hori 2022 urterako).
Ildo berean, AEBetako erraldoiek (Apple, Google, Intel, Meta eta Pfizer) Europako egoitza Irlandan ezarri dute zerga zama gutxitze aldera. Irlandak bere ekonomiaren tamaina bikoiztu du 2014. urtetik dumping fiskala erabilita, artean, aldiz, EB guztiaren BPG %23 hazi da, Eurostaten datuek diotenez.
Dumping fiskalaren eta zerga ihesaren errealitatea hain da jasanezina, ezen finantza batzorde buruak berak, Paolo Gentilonik, duela bi urte iragarri baitzuen plan bat martxan jarriko zutela EBn sozietateen gaineko zerga komuna ezartzeko. Bistan da oraindik orain ez dela halakorik egin.
Zerga harmonizaziorik ez bada estatuen arteko dumping fiskalak bere horretan jarraituko du, enpresa handi eta transnazionalen onurarako eta lurralde zein gizarte kohesioaren kalterako. Eurogunean txanpon bakarra izatea, zerga sistema bateratua izan gabe, logika ekonomikoaren kontra doa, hala efizientziaren nola bideragarritasun ekonomikoaren ikuspegitik. Eta horrek ongizatearen eta gizarte kohesioaren amaiera ekar lezake.