argia.eus
INPRIMATU
Esklabo ohiaren ironia askea
  • Big Springs, Tennessee (AEB), 1864. Sezesio Gerra betean, Batasuneko soldaduak Patrick Henry Anderson koronelaren plantaziora iritsi ziren eta bertako esklaboak askatu zituzten, tartean Jourdon eta Amanda Anderson senar-emazteak. Biak Daytonera (Ohio) joan ziren eta han langile aske gisa hasi ziren lanean. Hurrengo urteko udan, gerra zibila amaitu eta hilabete gutxira, jabe ohiak gutun bat idatzi zion Jourdoni, plantaziora itzultzeko eskatuz, negozioa gainbehera baitzetorren

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko martxoaren 28a
Ezkerrean Jourdon Anderson esklabo ohia, askatasuna 1864an lortu zuena. Eskuinean, Anderson koronela, Jourdonen jabe ohia. Argazkia: Dayton History Books
Ezkerrean Jourdon Anderson esklabo ohia, askatasuna 1864an lortu zuena. Eskuinean, Anderson koronela, Jourdonen jabe ohia. Argazkia: Dayton History Books

1865eko abuztuaren 7an erantzun zion Jourdon Anderson eskalbo ohiak bere jabe izaandakoari; idazten ez zekienez, gutuna ugazaba berriari diktatu zion, Valentine Winters abokatu abolizionistari, eta hark “entzun bezala jaso” omen zituen esklabo ohiak esandakoak.

Sarreran, Jourdonek dio pozten dela koronela bizirik dagoela jakiteaz, “alde egin baino lehen bitan tiro egin zenidan arren”. Eta familiari goraintziak ematen dizkio. Ondoren, bizimodu berriarekin gustura dagoela dio, Amandari “Anderson anderea” esaten diotela eta haurrak eskolan ikasten ari direla. Beraz, “zenbateko soldata jasoko dudan esaten badidazu, itzultzea komeni zaidan ala ez erabakiko dut”.

“Mandy kezkatuta dago”, jarraitzen du gutunak, “eta adeitasunez tratatuko gaituzula ziurtatu nahi du”. Horretarako froga bat eskatzen dio Jourdonek; esklabo gisa aritutako urteengatik zor dion soldata ordaintzea. “Zure zerbitzura leialtasun osoz aritu nintzen 32 urtez, eta Mandy 20 urtez. Nik hilabetean 25 dolar jasoz gero eta Mandyk astean 2 dolar, guztira, gure irabaziak 11.680 dolarrekoak lirateke. Zenbateko horri gure soldatak denbora luzez atxiki izanaren interesak gehitu behar dizkiozu, eta gure arroparen gastuak kendu. Ni hiru aldiz joan nintzen sendagilearengana, Mandyri hortz bat atera zioten, eta hori ere kendu dezakezu”.

“Zure zerbitzura leialtasun osoz aritu nintzen 32 urtez, eta Mandy 20 urtez. Nik hilabetean 25 dolar jasoz gero eta Mandyk astean 2 dolar, guztira, gure irabaziak 11.680 dolarrekoak lirateke. Zenbateko horri gure soldatak denbora luzez atxiki izanaren interesak gehitu behar dizkiozu"

Ohion, Jourdonek larunbat iluntzetan kobratzen zuen soldata, “baina Tennesseen beltzek ez genuen sekula paga egunik izan, zaldiek eta behiek ez zeukaten moduan. Ziur aski kontu-garbitze eguna iritsiko zaie langileei soldatarik ordaindu gabe iruzur egin dieten guztiei”.

Ondoren, seme-alaben etorkizuna du hizpide. Milly eta Jane alabak koskortuta daudela eta ederrak direla dio. “Nahiago nuke hemen geratu eta gosez hil, jabe bortitz eta gaiztoek alabak lotsaraztea baino”. Plantazioaren inguruan haur beltzentzat eskolarik ireki ote duten ere galdetzen dio, “seme-alabei heziketa egokia ematea baita nire desira nagusia”.
Amaitzeko, George Carter Wilson konterriko arotzari goraintziak emateko eskatzen dio, “eta eman iezazkiozu eskerrak nire kontra tiroka ari zinenean pistola kendu zizulako”.

Egiaztaturiko historia bat

Amanda, Jourdon eta seme-alabak ez ziren sekula Big Springera itzuli, jakina. Eta gutuna “birala” egin zen berehala; lehenik  Cincinnati Commercial egunkarian argitaratu zuten, eta handik bi astera, abuztuaren 22an, New York Daily Tribune egunkariko orrietara iritsi zen.

Baina gutuna eta protagonistak benetakoak zirela zalantzan jarri zuenik ere izan zen, abolizionisten asmakizunak izan zitezkeela pentsaturik. Bada, historialariek datu guztiak egiaztatu dituzte. Raymond Winbushek koronelaren arrastoari jarraitu zion: ez zuen esklaboak itzultzea lortu, plantazioa saldu zuen zorrak kitatzeko, eta handik bi urtera hil zen. Winbushek esklabo-jabearen oinordekoekin hitz egitea lortu zuen 2006an, eta “Jourdon itzuli ez zelako oraindik haserre” daudela esan zioten.

Senar-emazteen bidea, aldiz, Michael Jonhson historialariak ikertu zuen, esklabo-zerrendak eta erroldak arakatuz. Mandyk eta Jourdonek 11 seme-alaba izan zituzten, Jourdon 1907an hil zen 81 urterekin, eta Mandy 1913an, hark ere 80 urtetik gora zituela. Elkarren aldamenean ehortzita daude, Daytoneko Woodland hilerrian.