Gaua da, kotxian sartzen naiz. Euri malkuak parabrisan ta ilargiak eztit esaten ez non, norekin ikusten zaittun gau hontan». Hitz hauekin eta kitarraren laguntzarik gabe aurkeztu zigun Anarik Gure Mundua, bere lehen lanaren lehen abestia. Hitz hauekin ezagutu nuen nik bere mundua, nire ere egin dudana. Hitz hauekin hasi du, baita ere, Bilbon bere hitz guztien bilduma eta itzulpenak biltzen dituen liburuaren aurkezpena.
Hitz horiek bota zituen nire etxeko bozgorailuak 2004ko udazkenean, niretzat mundu berri bat izan behar zuenak lehen pausuak ematen zituen bitartean. Hainbeste zor diodan Oihan lagunak ekarri zidan diskoa etxera, azalean emakume baten aurpegi difuminatua zuena, nire gelako leihoan euri tantek gogor jotzen zuten batean. Ordutik, bere ahotsak, musikak eta hitzak nire bizitzaren soinu banda bilakatu dira. Azken hau egia borobila da topikoen artean topikoena eta leku komunen artean komunena bada ere. Nire zauri irekiak bere musikaren laguntzarekin bilakatu dira osatutako orbain. Aingura hegodunek gora eraman naute jausi naizen askotan, etxetik urrun egon eta Zebra diskoa jaso nuenean bezala. Bale baten eskeletoarekin topo egin nuen norbaitek sortu zuen basamortuan, bere usaina nire gelatik desagertzen hasia zenean, bere bihotzetik herbesteratu ninduenean. Txori suizidak aurkitu nituen norbaitek aspaldi grabatutako eta hegaluze lata baten barruan gorde zuen kasete zahar batean.
Aurkezpenean, Anarik Jerry Corralek egindako galderei erantzun bitartean, zauri eta bizipen askorekin oroitu naiz azkoitiarrak esandakoari adi nengoen bitartean. Bere hitzak itzultzeari buruz aritu da. Hitzak nola bizirik dauden kontatu digu, baita grabatu bitartean ere. Bere erreferenteak aipatu eta Ruperren musika Atxagaren hitzekin entzun zuen momentu katartikoa ekarri digu. Emakume* musikarien genealogiak egiterako orduan soilik emakumeak aipatzearen ohitura madarikatu eta belaunaldi berrien lana goraipatu du, trap musika Anarirena baino tristeagoa iruditzen zaiola aldarrikatuz, sintetizadorearen eta ahotsen artean dagoen behe-akorde horren indarra azpimarratuz. Aurkezpenari Efemerideak abestiarekin bukaera eman dio, orain gutxi J Martina taldeak bertsionatu duena. Abesti aproposa ziklo bat ixteko eta beste bati bidea emateko.
Gaur lotara joan aurretik liburua ireki eta buruz dakizkidan bere hitzak enegarren aldiz irakurriko ditut. Hamaika leku eta momentutara eramango naute. Gaur, ordea, ez da euri malkorik entzungo leihoen aurka. Agian, Anarik aurkezpenean esan bezala, abestiak ez dira berdin idazten –ezta entzuten ere– 20 urte bete berri edo 40 urte betetzear zaudenean.