argia.eus
INPRIMATU
Lehen arkitekturari ez ikusiarena egin zioten
  • Borniquel (Okzitania), duela 176.000 urte. Kobazulo batean, 336 metro sakon, neandertalek eraztun formako egitura bikoitza egin zuten estalagmitak baliatuz. Milaka urte horietan guztietan egitura ezkutuan egon zen, 1990ean aurkitu zuten arte. Eta, ondoren, beste 24 urtez, komunitate zientifikoak ez ikusiarena egin zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko martxoaren 21

1987an, Bruno Kowalczewski izeneko espeleologia zale nerabeak kobazulo handi bateko sarrera izan zitekeena aurkitu zuen. Hiru urtez, oporrak eta asteburuak aprobetxatuz, pixkanaka galeria hustuz joan zen, 30 metrora iritsi arte. Eta 1990eko hasierako egun batez hutsunea bat-batean zabaldu zen. Espeleologo bat lagun, biharamunean, 300 bat metro egin zituzten aurrera, estalagmitazko egitura arraroarekin topo egin arte.

Hurrengo egunean François Rouzaud arkeologoarekin joan ziren eta hark hartu zuen egitura aztertzeko ardura: moztutako 400dik gora estalagmita bi zirkulu zentrukide osatuz, sua piztutako hainbat puntu… eta erretako hezur zati bat! Karbono 14a erabiliz datatu zuen eta, emaitzaren arabera, gutxienez 47.000 urte zituen –C14a ez da fidagarria hori baino data zaharragoetan–. Egitura ez hondatzeko, indusketarik ez egitea erabaki zuen. Baina aurkitutako guztia dokumentatu, ikertu eta argitara eman zuen. Eta inork ez zion jaramonik egin. Eta Rouzaud handik gutxira hil zen beste kobazulo bat esploratzen ari zela.

Moztutako 400dik gora estalagmita bi zirkulu zentrukide osatuz, sua piztutako hainbat puntu… eta erretako hezur zati bat!

Datazio haren arabera, neandertalen lana izan behar zuen, baina neandertalak ez ziren halako sakoneratan aritzen, ez zuten sua hainbeste kontrolatzen eta gizaki modernoak egindako lehen artefaktuak, labar pinturak, askoz berriagoak ziren (Ekaingo pinturek 14.500 urte inguru dituzte eta Santimamiñekoek, aldiz, 13.000).

2014an, Sophie Verheyden geologo belgikarrak udako oporrak inguru haietan eman zituen eta kobazuloa bisitatzea erabaki zuen. Estalagmiten kaltzitaren uranio-torioaren bidezko datazioa egin zitekeela bururatu zitzaion. Jacques Jaubert buru zuen arkeologo taldeak ekin zion lanari, eta Verheydenek aholkatutako metodoak emaitza guztiz fidagarria, eta harrigarria, eman zuen: 176.000 urte. Eta aurkikuntzaren berri, oraingoan bai, Nature aldizkarian argitaratu zuten.

Neandertalgo gizakiak, gizaki modernoak Afrikatik Europara joan baino askoz lehenago,  2,2 tona estalagmita maneiatzeko gai izan ziren, estalagmitak 32 zentimetroko patroi zehatzean mozteko, aretoa 18 surekin argiztatzeko. Finean, neandertalek lehen arkitektura lana sortu zuten.