Pentsatzen dut nahiko "nekatutak" helduko zela Iruñera Antton Telleria birako azken aurreko emanaldira. Indar pixka bat bazuen gordea, ordea, hurrengo egunerako zuen zita bikoitzaren aurretik, IruñEko Antzerki Eskolara bertaratutakoak eta beste egurtzeko.
Sartu eta aretoa lepo, zerbezak eskuan eta mahaietako lanparatxoen argipean. Akaso, azken-azken emanaldietarako sarrerarik gabe geratutako (giputxi) asko hiri buruzagira etorri ziren. Antton sartu aurretik Jaurlaritzaren izenean ohar bat: Herri honen motorra irria da. Eta ekonomia ere bai. Honek grazia handirik ez Iruñean. Baina taularatu orduko, ezer gutxi esan/egin behar izan zuen ikusleak leherrarazteko.
Whatsappeko taldeez eta horietatik ateratzeko zailtasunez, psikologoaren aholkuez, Ertzaintzaren marketing estrategiarik ezaz eta irakasleez aritu zen ordu bete luzez. Tira, jada ez dizuet spoilerrik egingo. Lizentzia hartuko dut, beraz, bi urte hauetan Telleriaren standup-a ikusi ez dutenentzat zer galdu duten laburtzeko.
ETAren balizko itzulera batean Whatsappeko taldekideekin elkarrizketa; ETB1-eko errepikapenak; literaturaren eta masturbazioaren arteko lotura (bietan botatzen duzu barrukoa paperean); "Eskerrik" esaten duen jendeak sortzen dion amorrua…
Hainbat puntu atera nituen ondorio gisara: ni ez naizela ez Mirri, ez Mikel Urdangarin; literalki ohe azpian zegoena ni nintzela; eta batez ere, interpelatuta sentitu nintzela nire jardun bakazionalarekin (eta justuak izateko, areto erdia baino gehiago ere bai). Nekatutak 57, ertzainak 0, irakasleak 2.343.863.
Formatuaren inguruan ere izan nuen zer pentsatu. Izan ere, bitxia egiten zait naturaltasun faltsua. Esan nahi dut, gidoi bat dago baina bat-batekoan ariko balitz bezala aurkezten da. Eta hala ere, leku horretatik txisteak kateatzeko, herriz herri aritzeko eta publikoa bereganatzeko gaitasuna txalotzeko modukoa dela uste dut.
Laburbilduz, uste dut umore beltza egiteko moduaren demostrazio bat egin zuela. Eta ona. Eta gainera, norbaitek nahiko balu, Antton berotzeko formula magikoa ere badugu: partizipioak gaizki "jokatutak".