argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Gizonaren maitasuna
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko martxoaren 13a

Hemen aipatuko ez dudan ekitaldi bat aitzakia, lagun min batek Gizonaren maitasuna (Tradescantia fluminensis) landarea oparitu zidan, bollera bati oparitzeko landarerik aproposena iruditu zitzaiolako. Etxeko egongelako apalategi batean jarri genuen, aste batzuk lehenago pisukideak ekarritako Adanen saihetsa (Monstera deliciosa) landare erraldoiaren alboan. Patriarkatuari omenaldia zirudien aldaretxo hark egun gutxi iraun zituen; Gizonaren maitasunari orban zuriak eta zuloak ateratzen hasi zitzaizkion, eta eguzki falta zelakoan, landare gehiago genituen beste txoko batean jarri genuen. Emaitza: hil baino lehen, gainontzeko landare guztiak kutsatu zituen.

Bollera baten eta Gizonaren maitasunaren arteko ezinezko bizikidetzaren bromaz aparte, landareen izenei erreparatuta, anekdota maskulinitate hegemonikoaren eta maitasun erromantikoaren arteko alegoria iruditu zitzaigun. Adanen saihetsaren alboan txiki eta xume sentitzen zenez, auto-suntsiketari ekin zion, bidetik aurkitu zuen guztia berarekin eramanaz. Besteak akabatzen hil zen.